Afrikako astea hasi da Arantzazun

Goiena 2010eko ekainaren 8a

Atzo eman zitzaion ofizialki hasiera Baketik zentroak Arantzazun antolatu duen laugarren asteari. Afrikako independentzien 50. urteurrenean, aste honek lankidetzarako senidetzea eta berradiskidetzea Laku Handien eskualdean landuko du.


Ekitaldian egon zen, besteak beste, Gema Zabaleta Eusko jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua. Zabaletarekin egon ziren baita ere, Jonan Fernanez Baketikeko zuzendaria eta egunotan Arantzazun ariko diren  hizlariak ere.

Bi alde izango ditu Afrikako aste honek: batetik, 18:00etatik 20:00etara Laku Handietako berradiskidetzeari buruz egingo den ikastaroa; eta bestetik, Afrikandugu proposamenaren lanketa. Afrikandugu proiektuan, Euskal Herriko hainbat erakundetako ordezkariek eta Afrikako bertako ordezkariek elkarlanean jardungo dute, kooperazioan noraino berriztatu daitekeen aztertzen.

Inaugurazio ekitaldian zehar, Gema Zabaletak adierazi zuen herrialde garatuek zorra dutela Afrikarekin, eta Eusko Jaurlaritzak Afrikaren giza garapenerako duen borondate politikoa berretsi zuen. Sailburuaren esanetan, aurten Euskadi eta Afrikaren arteko elkarlanerako 72 proiektu lagunduko dituzte, eta kontinente zaharreko kulturak gure gizartean izan ditzakeen onurak ere goraipatu zituen.

Ez nagusitasunaren erotika, ez biktimismoaren erotika da aurtengo jardunaldien leloa, eta Jonan Fernandezek azaldu zuenez nazioarteko laguntzek Afrikan eragiten duten dependentzien inguruan lan egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak