Pasa den eguaztenean Hezkuntza saileko ordezkariek eta Sohat, Soin Heziketaren Aldeko Taldeak bilera egin zuten Lakuan, eta bilera horren ostean jakitera eman zutenez, bi aldeak gutxieneko akordio batzuetara heldu ziren.
Orain arte Sohaten ardura nagusienetakoa izan da Hezkuntza saila prestatzen ari den kurrikulum berrian soinketa klaseei ordu gutxiago eskainiko zaiela. Lortutako akordioari esker, kurrikuluma arautzen duen dekretua aldatuko ez den arren, Hezkuntza sailak kurtso hasierarako arau edo jarraibide batzuk bidaliko dizkie ikastetxeei, eta ikastetxe publikoen kasuan, derrigorrez bete beharko dira arau horiek.
Orduak
Lehen Hezkuntzan astean gutxienez 45 minutuko bi eskola eman beharko dira, eta lekuz aldatzeko zein garbitasunerako denbora 45 minutu horietatik kanpo izango da.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, lehenengo eta bigarren mailan 60 minutuko bi soinketa eskola izango dituzte, eta hirugarren eta laugarren mailan, 60 minutuko eskola bat. Kasu hauetan ere, lekuz aldatzeko eta dutxarako denbora ez da 60 minutu horien barruan egongo.
Batzorde iraunkorra
Ordutegiaz gain, bi aldeek zehaztu dute soin hezkuntzaren jarraipena eta ikerketa egiteko soin heziketaren batzorde iraunkor bat eratzea. Hiru funtzio nagusi izango lituzke batzorde honek:
- Soin heziketan kurrikulumak duen ezarpena kontrolatzea, besteak beste ordutegia eta materialak.
- Irakaslegoren formazio eta koordinazioaz arduratuko da batzorde hau.
- Ebaluazio ereduak zehaztea ere batzordearen ardura izango da.
Ekaina bukaeran egingo du batzorde honek lehen bilera, eta batzordean egongo dira ordezkatuta bai Hezkuntza sailekoak eta baita heziketa fisikoaren inguruko hainbat eragile ere.
Aholkularia
Hartutako hirugarren erabakia da soin heziketari buruzko aholkulari orokor bat kontratatzea. Orain arte barritzeguneetan ez zen postu hau existitzen, eta bere arduren artean egongo dira beste hainbaten artean,
- lan sare bat eratu eta koordinatzea,
- materiala sortzea,
- formazio ereduak zehaztea, eta
- mintegiak antolatzea.
Mobilizazioak amaituta
Sohatetik adierazi dutenez, balorazio nahiko positiboa egiten dute. Ordutegiei dagokienez, akordioak euren eskari guztiak betetzen ez dituen arren, etorkizunean beste akordio bat lortzeko lehen urratsa dela adierazi dute. Era berean, batzorde iraunkorraren eraketa begi onez ikusten dute, euren ustez soin heziketaren jarraipen egokiagoa egiten lagunduko duelako, eta irakasleen lana hobetzen ere lagunduko duelako. Dena den, aurrera begira negoziatzen jarraitzeko asmoa ere adierazi dute, baina, era berean, momentuz amaitutzat ematen dutela orain arte aurrera eramandako mobilizazio fasea.