Adif-en esanetan, Arrasate eta Aramaio arteko errepidea urte amaierarako zabalduko dute

Goiena 2010ko ira. 2a, 16:46
Abiadura Handiko Trena egiteko obren ondorioz kaltetutako Arrasate eta Aramaio arteko betiko bidea urte amaierarako konponduta izango dela adierazi du Antonio Gonzalez Adif-eko presidenteak. Astean Aramaiora egindako bisitan aurreratu du, ordurako errepidea autoendako zabalik ere egongo dela.

AHTren Aramaio eta Eskoriatza arteko Induspeko tuneleko zulatze lanak amaitu zirela eta, Antonio Gonzalez Adif Trenbide Azpiegituren Administratzaileko presidentea Debagoienean izan zen atzo. Aramaiora egindako bisitan, Aramaio eta Arrasate arteko errepide nagusia urte amaierarako konponduta izango dutela aurreratu zuen.
Zazpi hilabete dira itxi zutela Aramaiotik Arrasaterako bidea; Abiadura Handiko Trena eraikitzeko obren ondorioz, Cuatrovientos baserrirako bidean otsailean gertatutako lurjausiaren ondotik. Bi herriak lotzen dituen errepide nagusia itxita, autoendako zirkulazioa Untzillatik eta Zabolatik bideratu dute ordutik. Iñaki Arriola Garraio sailburuak arazoa konpontzeko eta Aramaioko bizilagunei irtenbidea eman diezan eskatu dio Adif-i.
 
Horren harira, Adifeko presidenteak adierazi zuen errepidea urte amaierarako konponduta eta zirkulaziora zabalik egongo dela. Berri ona bada ere, Asier Agirre Aramaioko alkateak kezka azaldu du Suñatik beherako bidea eta Untzilla eta Zabola auzo inguruko errepideak noiz konpoduko dituzten oraindik ez dakitelako. Agirreren hitzetan ibilgailuak auzo horietatik barrena desbideratu izanaren eraginez ohi baino 200 auto gehiagoren joan etorriak jasan behar izan dituzte hango errepideek, horregatik, autoek eragindako zuloak konpondu eta bide horiek zirkulazioarendako egokitzeko beharra agertu du Aramaioko alkateak.

Bestetik, Suña eta Untzilla arteko errepidea konpontzeko lanak amaituta, zabaldu dute berriro Arrasatetik Aramaiora joateko bidea; jada, ez da beharrezkoa beraz, Aretxabaletatik barrena joatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak