Adegik utzi egin du metaleko negoziazio mahaia

Goiatz Arana Begiristain 2010eko irailaren 22a

Sindikatuek eta Adegi Gipuzkoako patronalak izandako hartu-emanek ez dute emaitzarik eman eta, horrenbestez, konpondu gabe jarraitzen du dagoeneko bederatzi hilabetez luzatu den prozesuak.

Atzo goizean, martitzena, proposamen bat egin zien Adegik sindikatuei eta, hura aztertu ostean, arratsaldean batzartu ziren berriro. Gauean bilera eten, eta gaur goizerako, eguaztena, jarri zuten hizketan segitzeko hitzordua. Elkar ulertzerik ez da izan, ordea, eta negoziazio mahaia uztea erabaki du patronalak.

Sindikatuek bederatzi greba egun dituzte antolatuta, lan hitzarmena behartzeko: irailak 27 eta 28, urriak 13, 14 eta 15, eta azaroak 2, 3, 4 eta 5. Bestelako nobedaderik ezean, lantegietan egunotan egingo dituzte bozketak, sindikatuek deituta.

UGTren balorazioa

UGT sindikatuak prentsa ohar bat helarazi du esanez nahigabetuta daudela ELAk eta LABek "mahaia haustea bultzatu" dutelako. Bi sindikatu abertzaleen jarrera "axolagabea eta zentzugabea" izan dela esan du Angel Martin UGTko metaleko ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak