Abuztuak ordutegi aldaketak ekarri ditu Debagoieneko udal zerbitzuetan

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 5a, 10:59
Abuztua heltzearekin batera, Debagoieneko udal zerbitzuek ordutegiei dagokienez hainbat aldaketa izango dituzte. Udaletxeetan ez da hainbeste nabarituko opor garaian gaudela, bai ordea kirol eta kultur zerbitzuetan.

Arrasaten udaletxean bertan langileak egongo diren arren, zerbait behar izanez gero, lehenengo pausua Biztanleen Arreta Zerbitzuaren bidez egitea gomendatu dute. Astelehenetik ostiralera arte, 08:30etik 14:00etara egongo da irekita berau. Kulturateri dagokionez, datorren irailaren 12ra arte, goizez bakarrik egongo da irekita liburutegia, 09:00etatik 14:30era. Mojategiko kiroldegia 09:00etatik 21:00etara arte egongo da irekita, astelehenetik domekara arte, eta igerilekua berriz, 10:00etatik 20:30era arte, hau ere asteko zazpi egunetan. Udaltzainetan ere uneoro egongo da norbait.

Bergaran, udaletxea 07:30etik 13:30era arte egongo da jendaurrera zabalik. Kultur zerbitzuen kasuan, kultur etxeak ordutegi ezberdinak izango ditu: abuztuaren 9tik 17ra itxita egongo da, eta gainerako egunetan goizez zabalduko dute, 08:30etik 13:30era, beti ere astegunetan. Ez da ahaztu behar liburutegia igerilekuan ere egongo dela aste barruan, 15:00etatik 17:00etara. Kirol zerbitzuei dagokienez, Agorrosin asteko zazpi egunetan egongo da irekita 09:00etatik 21:00etara. Labegaraietako kiroldegia aldiz, irailaren a arte itxita egongo da. 

Udaltzainei dagokienez, aste barruan 06:00etatik 22:00etara bitartean egongo dira astelehenetik egubakoitzera, eta zapatuan, 06:00etatik 14:30era.

Oñatin, udaletxea astegunetan egongo da irekita, 9:00etatik 14:00etara. Udaltzainak, aste barruan, 07:00etatik 22:00etara egongo dira, zapatutan, 07:00etatik 14:00etara.

Zubikoa kiroldegia astelehenetan itxita egongo da, baina gainerako asteko egun guztietan, 10:00etatik 20:00etara irekita egongo da. Kultur etxean, bulegoak itxita egongo dira abuztuaren 27a arte, liburutegia berriz irekita, astelehenetik egubakoitzera 09:30etik 13:30era. Haur liburutegia itxita egongo da abuztuan.

Aretxabaletan, udaletxea 08:00etatik 14:00etara egongo da irekita, udaltzainak berriz, ordu bat gehiago, 15:00etara. Arkupe kultur etxea ere zabalik egongo da abuztuan aste barruan, 08:00etatik 14:00etara. Udal kiroldegia bestalde, berria egin bitartean itxita egongo da. 

Eskoriatzan, udaletxea irekita egongo da abuztuan 10:00etatik 13:30era. Kultur etxea eta liburutegia itxita daude irailaren 1a arte. Kiroldegia berriz, abuztu guztian egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara, zapatutan 10:00etatik 20:00etara eta igandetan, 09:30etik 14:30era.

Antzuolaren kasuan, udaletxea astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 08:00etatik 14:00etara. Gizarte zerbitzuak baina, eguazten eta egubakoitzetan egongo dira lanean, 09:00etatik 14:00etara. Udaltzainik ez da egongo abuztuan, eta liburutegia ere itxi egingo dute.

Aramaion, udaletxea itxita egongo da abuztuaren 11tik 14ra bitartean. Gainerako egun arruntetan, 09:00etatik 14:00etara irekiko dute. Liburutegia abuztuan itxita egongo da, eta kiroldegia, abuztuko azken astean zabalduko dute, hilaren 25etik 29a arte 17:00etatik 21:00etara.

Elgetan, abuztuaren 6a arte, udaletxea zabalik egongo da 08:00etatik 13:00etara. 6tik aurrera, ordutegi berdinarekin egongo da norbait udaletxean, baina ateko txirrina jo beharko da ateak zabaltzeko, edo bestela, telefonoz deitu. Gizarte zerbitzuak, hilaren 22a arte 09.00etatik 13:00etara egongo dira martxan astelehenetan eta ostegunetan. Hilaren 25etik aurrera, ordutegi bera izango dute gizarte zerbitzuek, baina eguazten eta egubakoitzetan egongo dira. Liburutegia eta kiroldegia, biak egongo dira itxita abuztuan.

Bukatzeko, Leintz Gatzagan, udaletxea  irekita egongo da abuztu osoan, 09:30etik 13:30era.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak