UEMAko Zuzendaritza Batzordearen ustez, "hizkuntza bateko abizenak beste hizkuntza batean idaztea ez da normala". Ekimenaren helburua normalizazioa besterik ez dela gaineratu dute kanpainaren sustatzaileek, eta gogorarazi dute hizkuntza normalizatuetan ez dela horrelakorik gertatzen: "Ingelesek Shakespeare idazten dute, eta ez Xexpir, eta espainolek Cervantes idazten dute eta ez Zerbantes. Nor gara euskaldunak horiek berridazten hasteko? Aguirre edo Echeverria abizenak baldin badira, zergatik ez Agirre eta Etxeberria idatzi, euskaraz? Ingelesak ala espainolak baino gutxiago ote gara, ba?"
Aipatutako herrietan, etxe guztietara helarazi dute abizenak euskalduntzeko kanpaina; izan ere, neguko UEMAren Berripaperean tarte bat eskaini zaio kanpainari, eta herritarrek beren postontzian jasotzen dute Berripapera. Horrez gain, herri bakoitzeko toki esanguratsuetan (udaletxeetan, kultur etxeetan, liburutegietan…) postalak jarri dituzte abizenak euskalduntzeko jarraibideekin.
Pausoak
Abizena euskal grafiara moldatu nahi dutenek hiru pauso hauek eman behar dituzte:
1. Erregistro zibilera edo bake epaitegira joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula.
2. Han emango dizuten eskaera orria edo hemen duzuna zure datuekin bete.
3. Agiri hauek eraman:
- Nortasun agiriaren fotokopia. Adinez nagusia ez bazara, gurasoena ere beharko duzu.
- Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria
- Errolda agiria
- Ezkonduta bazaude edo seme-alabarik baduzu, familia liburua.
- 16 urtetik gorako seme-alabarik baduzu, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.
Eskariak aurkezteko:
- Aramaio: Udaletxean, Bake Epaitegian, astelehenetan, goizeko 09:00etatik 15:00etara.
- Antzuola: Bake Epaitegian, eguenetan, Olaranen, 09:00etatik 14:00etara.
- Bergara: Erregistro zibilean, egunero, 09:00etatik 14:00etara.
- Elgeta: Bake epaitegian, asteartero, 09:00etatik, 14:00etara.