Krisiak markatutako urtea izan zen 2009a, eta hala krisiak markatutako emaitzak dira Euskadiko Kutxak iaz lortutakoak. Zergen osteko emaitzak 56 milioi euro t'erdikoak izan ziren, 2008an baino %43,8 gutxiago. Entitateko arduradunek, baina, 2009aren balorazio positiboa egiten dute: urtea gogorra izan arren, Euskadiko Kutxa egoera onean dagoela azpimarratu dute.
Negozio errepikarian bilakaera konparatibo ona izan dutela adierazi dute entitatetik bai aktibo eta pasibo hazkundeetan eta baita interesen marjinetan ere, azken puntu honetan, %14,6 hobetuz. Azpimarratu dute era berean, estatuko entitateen artean, bigarren urtez lehenengo postua lortu dutela Zerbitzuaren kalitateari dagokionez.
Solbentzia edo kaudimen ratioa
Entitatearen indarguneen artean, solbentzia edo kaudimen ratioa aipatu dute Euskadiko Kutxatik: %11,5ekoa izan zen iaz, sektoreko altuenen artean kokatuz. Likideziaren egoera eta berankortasun edo morositatea dira Euskadiko Kutxaren beste indargune aipagarriak.
Hala berankoratsuna 2,90ekoa izan zen Euskadiko Kutxan beste kutxetan aldiz, 4,90ekoa.
Bulego gehiago
Bulego kopuruei dagokienez, 394 bulego zituen Euskadiko Kutxak iazko urte bukaeran, 2008an baino 7 gutxiago. Aurten ere baliteke bulego kopuruak zertxobait behera egitea. Arduradunek, baina, ez dela larritzeko kontua esan dute, egoerara egokitzeko pausua baizik.
2010a urte gogorragoa
2010erako aurreikuspenei dagokienez, aurtengo urterik gogorrena izango dela onartu dute, eta helburua, oraingo bidetik jarraitzea dela.
Gaur bertan egindako asanbladan eman dizkiete jakitera emaitzok bazkideei.