200 konpostagailu berri banatuko dituzte

Txomin Madina Milikua 2009ko urr. 26a, 17:50
Abian da gaurdanik etxeko konposta egiteko Mankomunitateak antolatu duen kanpaina, laugarrena dagoeneko. Azaroaren 6a baino lehenago egin behar da konpostagailuak eskatzeko epea. Doan banatzen dituzte konpostagailuok, eta eskuratzen dutenek ikastaro txiki bat egin beharko dute nola erabili ikasteko.

2005ean egin zen lehen aldiz Debagoienean etxeko konposta egiteko kanpaina, eta orduz gero, 566 konpostagailu banatu dira gure ibarrean. Mankomunitateak emandako datuen arabera, estimatzen da hiri hondakinei dagokienez urtean 137.000 kilo materia organiko konpostatu direla, eta horietatik laurden bat, 34000 kilo inguru, konpost eginda irten direla.

Nola erabili jakiteko ikastaroak

Oraingo kanpaina honetan 200 edukiontzi banatuko dituzte. Hauen diseinua berria da, baina edukiera ez da aldatu: 400 litrokoa da konpostagailu bakoitza. Doan banatuko dira konpostagailuok, baina eskatzeko, derrigorrezkoa da etxean lorrategia edo baratza izatea. Izena ematen dutenek baina, ikastaro bat jarraitu beharko dute; konposta nola egin erakutsiko da ikastaro honetan.nola egin konposta,

Zortzi ikastaro izango dira denera, bakoitza ordu eta erdiko saio bakarrekoa. Azaroaren 18an Oñatin egingo dute, 19an eta 21ean Bergaran eta 25ean Eskoriatzan. Arrasaten hiru saio izango dira denera: azaroaren 26an eta 28an eta abenduaren 2an eta zortzigarren eta azken ikastaroa Aretxabaletan izango da, abenduaren 3an. Astean zeharreko saioak arratsaldez izango dira, eta larunbatetakoak, goizez.

Konpostagailua eskuratu gura dutenek, Mankomunitatera bertara deitu behar dute azaroaren 6a baino lehen, 08:30tik 12:00etara. 943 79 33 99 da mankomunitateko telefonoa.

Honetaz gain, jakinarazi dute, Foru Aldundiak Gipuzkoako Konpostagileen Sarea sortu duela, konpostagailua duten familien artean harremana eta elkarri laguntzea bultzatzeko.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak