Aurreko urteetan bezala, Debagoieneko Mankomunitateak etxean konposta egiteko beste kanpaina abiarazi du.
Egun ibarrean dauden 400 konpostagailu ingururekin, 100 tona zabor kentzen dira zabor poltsetatik urtean eta guztira 25 tona konpost egiten dira. Aurten banatuko dituzten beste 170 inguru batuta, 600 bat konpostagailu egongo dira Debagoienean.
Gaur egun Debagoieneko Mankomunitatean lehentasuna da, material organikoa zabor poltsetatik desagertzea, eta helburu horren baitakoa da beste behin ere etxean konposta egiteko abian ipiniko duten kanpaina.
Aurtengo konpostgailuek, baina, badute berezitasun bat, eta hori da, konposta egiteko ontzia plastiko birziklatuz eginikoa dela. Konpostagailu bat etxera eroan gura duenak, baina, baldintza batzuk bete beharko ditu. Debagoieneko biztanlea izatea, noski, baina baita etxean baratza edota lur zatitxo bat izatea ere.
Konpostagailua, lurrarekin kontaktuan egon beharko da hortik konposta atera ahal izateko eta materia organikoa sartuko da bertan, material sikuarekin batera; hala nola, kartoia, belarrak, edota arramak. Behin materia organikoa sartuta, sei hilabete beharko dira hortik lehenengoz konposta ateratzeko. Azpimarratzekoa da gainera, oso garrantzitsua dela materia organikoa ondo selekzionatzea eta konpostagailuan sartzen dena materia organikoa bakarrik izatea.
Aretxabaletan bestalde, egubakoitzean egin zuten materia organikoa batzeko ipini dituzten edukiontzien lehen bilketa. 2000 familia ingurutik, 502k eman dute izena egitasmoan eta dagoeneko %60a hasi da materia organikoa edukiontzi marroietara eroaten. Falta diren familiekin, ahala bezain laster ipiniko dira harremanetan organikoa birziklatzen hasi daitezen.