Sei ikasle debagoiendar saritu dituzte espediente bikainengatik

Irati Agirreazaldegi 2006ko aza. 24a, 10:43
Karrera Amaierako Kutxa Sariak banatu dituzte asteon. Sarituen artean sei debagoiendar daude.

Saria jasotzen dute gipuzkoarrak izan; ikasketak 2005-2006 ikasturtean amaitu; Gipuzkoako fakultate, unibertsitate eskola eta goi mailako eskoletan karrerako espediente akademikorik onena lortu; eta Kutxan kontua duten ikasleek.

Guztira, 42 ikaslek jaso dute saria, tartean sei debagoiendarrek:

  • Nerea Agirre-Oñati-Gizarte Hezkuntzan Diplomatua
  • Lur Zubiaga-Arrasate-Erizaintzan Diplomatua.
  • Ainara Bilbao-Aretxabaleta-Automatika eta Industria Elektronikako Ingeniaria.
  • Maitane Loiola-Bergara-Enpresa Zientzien Administrazio eta Zuzendaritzan Lizentziatua
  • Amaia Altzelai-Oñati-Kudeaketa Informatikoko Ingeniari Teknikoa.
  • Irene Santamaria-Bergara-Atzerriko Hizkuntza Irakaslea.

Sarituetatik 12 Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira.

Lizentziadun, ingeniari eta arkitektoek 1.350 euro eta diploma jaso dituzte; diplomadun, ingeniari eta arkitekto tekniko eta irakasleek 1.050 euro eta diploma.

Lana eta ikasketak uztartuz

Maitane Loiola eta Irene Santamaria bergararrak bat etorri dira esatean, “lana antolatzea” dela emaitza onak eskuratzeko bidea.

Lana eta ikasketak uztartu ditu Maitane Loiolak: “Egunean egunekoa egitea da sekretua. Goizean lanera, arratsaldean eskolak eta gero etxeko lanak egin ditut karrera amaitu bitartean, baina konstantea izan naiz. Zenbat eta lan gehiago izan tentsioa ere handiagoa da, eta horrek neurri batean lagundu egin dit”, esan digu.

Irene Santamariak ere eskolak ematen zein tabernan jardun du lanean ikasketak egin bitartean. “Aste barruan egun batzuetan goizean goiz eskoletara joan eta oso berandu etxeratu naiz lanetik”. Biek esan digute ikasketak ez direla oztopo izan aisialdia aprobetxatzeko. “Asteburuetan lagunekin irteteko aprobetxatu dugu, baita asteko egun batzuek ere. Ikasi behar denean ikasi eta gainontzean libre. Ez gara etxean liburu artean egon”, esan digute.

Pozik daude jasotako sariarekin eta egindako lanaren ordaina behintzat jaso dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak