German Muruamendiaraz izango da Bergarako EAJren hautagaia alkate izateko

Goienkaria 2006ko aza. 24a, 09:35
Hala erabaki zuten atzoko batzarrean Bergarako EAJko afiliatuek. German Muruamendiaraz Kalitatea Fundazioko zuzendaria da gaur egun eta lehenengo agintaldia du oraingoa zinegotzi moduan Bergarako Udalean. Azken lau agintaldietan Bergarako alkate izan den Victoriano Gallastegi —erretiroa hartuko du— ordezkatzera dator. Ibarreko gainerako herrietan, Arrasate eta Oñatiko alkateek bakarrik erabaki dute, oraingoz, datozen Udal hauteskundeetara begira zer egin.

Lakuntza ez, Idoiaga bai

Lakuntza ez, Idoiaga bai

Victoriano Gallastegi bezala, aurkeztuko ez dena da Arrasateko alkatea, Inazio Lakuntza. Agintaldi hau eman du alkatetzan eta gorabeheratsua izaten ari da, eskandalu urbanistiko eta guzti. Arrasateko EAJk oraindik ez du erabaki zein hautagai aurkeztu hauteskundeetara. Prozesu horretan murgilduta daude, baina urtarrilera arte-edo ez dute azken erabakia hartuko. Bestalde, Lurdes Idoiaga aurkeztuko da Oñatiko alkate izateko. Asmo hori agertu du, behintzat. Aurten hartu du Andoni Gartziaren lekukoa, agintaldiaren erdian, honek kargua laga ostean. Gaur egun, Lagun Aron dihardu lanean, Arrasaten.

Erabakia alkateen esku

Beste alkate guztiek ez dute erabaki oraindik zer egin. Arritxu Oliden Aretxabaletako alkateari alderdiak eskatu dio aurkeztea, baina alkateak ez du azken erabakia hartu. Antzeko egoeran dago Jose Angel Zabalo Antzuolako alkatea: alderdiak segitzea eskatu arren, hark une honetan ez du jarraitu nahi, "osasun arazoak medio" eta ezezkoa borobila ez den arren, eta azken erabakia hartu barik duena arren, nahiago du ez jarraitzea eta EAJk beste hautagai bat topatzea.

Juan Karlos Bengoa (EA) Eskoriatzako alkateak ere ez du oraindik erabaki zer egingo duen. Aramaion, bestalde, hautagaia ez dute oraindik aukeratu. Mertxe Mondragon alkateak GOIENKARIAri adierazi dio 15 egun barru zehaztuko dutela zerrenda. Patxi Basauri Elgetako alkateak ere ez du erabaki zer egin. 30 urtetik gora daroatza alkatetzan eta urte gutxi geratzen zaizkio erretiroa hartzeko. Edozelan ere, Elgetako EAJk ez du ezer erabaki oraindik kontu honen gainean.

Leintz Gatzagakoa berezia da. Han alderdiek ez dute aurkezten zerrendarik, zerrenda bakarra aurkezten da, herritarrek aukeratua. Gaur egun Joserra Perez da alkatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak