Bost urte bete ditu Sustatu weblogak

Usoa Agirre 2006ko aza. 17a, 13:31
Euskarazko lehen webloga izan zen eta aste honetan bete ditu bost urte. Ez dago zehatz esaterik zein izan zen jaiotze eguna, ezkutuko probetan hasi zelako, eta apurka apurka irten zelako egoera horretatik. Urte hauetan Interneteko euskal komunitatea sendotzen lagundu du Sustatuk eta erronka berriak ditu aurrera begira. Zorionak!

Sustatun bertan eman dute gaur urteurrenaren berri, nahiz eta Joxe Aranzabalek urriaren 29an dekretatu zuen urtebetetzea ... Sustaturen artxiboetan badaude orduko albisteak, azaroan jarraipena dutenak. Hala ere, lehen egun haietan, inork ez zekien Sustaturen berri, CodeSyntax eta Goiena enpresetako sortzaileok salbu, eta Joxe Aranzabalek, funtsezko kolaboratzaile gisa.

Lehen mezu publikoa, Joana Albret zerrendara bidali zuen Luistxo Fernandezek azaroaren 13an, weblogaren berri emanez. Azaroaren 20an, beste mezu bat Eibartarrak zerrendara, Sustatu probetan dagoela esanez. 21ean, ItzuL zerrendara mezu bat, ez Sustatu iragarriz, baizik eta albiste baten berri emanez... Beraz, egun hauen bueltan irten zen probetatik argitalpen normal izatera, baina mugarri argirik gabe. Azkenean, prentsaurreko agerpen bat egin zen abenduaren 19an, hedabide bakan batzuek jaso zutena.

Euskarazko lehen bloga

Sustatu izan zen lehen euskal bloga. 2001ean weblog esaten zen, blog baino gehiago, eta blog pertsonala barik, argitalpen kolektiboak ziren ildo honetakoak. Inspirazio nagusiak Slashdot, Kuro5hin eta Barrapunto espainiarra izan ziren. Bi enpresen arteko ekimen bezala planteatu, adar editoriala Goienak, eta azpiegitura CodeSyntax-ek.

Editoretza aldaketa

Sustaturen ildoa, aktualitate teknologikoari lotua geratu da urte hauetan zehar, eta dagoeneko, Goienak ez darama editoretza, CodeSyntax-etik bertatik egiten da, adi samar egoteko beharra ere badute-eta. Hala ere, bi enpresen ekimena izaten jarraitzen du, publizitate salmentan adibidez: 2006a arte ez da publizitate askorik saldu, baina aurten kanpainatxo batzuk sartzen hasi dira.

Euskarazko Interneteko aktualitatearen erreferentzia nagusi

Sustatuk hasieran bezala segitzen du nolabait: lan egunetan hiruzpalau albiste, etxetik idatziak, edo irakurleek eginak. Eta erantzuteko aukera, ez gehiegi erabilia, baina batzuetan iritzi-truke interesgarria sortzen duena. Sustatu aditzak adierazi nahi zuen gogo bat, komunitate profesional euskaldunean eta unibertsitate inguruetan, informazio teknologiko eta profesionala martxan jartzeko, komunitate zentzu bat eragiteko, sustatzeko... Ez da, akaso, ildo horretan bereziki aurrera egin, baina euskarazko Interneteko aktualitatearen erreferentzia nagusi bat izan da hasieratik, eta ez da gutxi.

Inguruan, euskarazko blogosferaren hazkundeak, eta berau trinkotzeko ahalegin batzuek (blog komunitateak, Aurki agregatzailea, Zabaldu.com ... ) duela 5 urte baino esparru aberatsagoa egiten dute orain. Lehia gehiago Sustaturentzat alde batetik, baina askoz ingurune interesgarriagoa da lan egiteko, errazagoa informazio polita aurkitzeko, aberasgarriagoa edozein ikuspuntutatik.

Ospakizuna

Hurrengo egunetan, urtemuga hau ospatzeko antolatu guran gabiltzan ospakizun baten berri emango dugu. Interneteko komunitate euskalduna arratsalde batez berriro biltzeko aukera bat izango da, abendu erdialdean seguruenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak