Behobia-Donostia lasterketa: Robert Kipchumbaren faltan, Chema Martinezek ez zuen kontrariorik izan

Xabier Urtzelai 2006ko azaroaren 13a

Elena Morenoren eta Iratxe Aranbururen arteko lehiak jarri zion atzoko lasterketari gatza; Kantabriakoa bederatzi segundoko aldearekin helmugaratu zen.

Iaz baino erosoago helmugaratu zen atzo Chema Martinez, errepide bazterrean zeuden ikusleei eskua emanez. Apenas lehiatu zen erlojuaren kontra: hasierako kilometroetan Laurent Galinier frantziarra izan zuen bidelagun, baina gero hura ere ez.

Martinezek ondo zekien aurkari gogor barik gaitza izango zela Alberto Juzdadok 1996an egindako errekorra hobetzea (59:19); Robert Kipchumba zen, aurrez, kontrario gogorrena eta aldi berean baita bidelagun zorrotzena ere. Hala, lasterkari kenyarrak, bisa arazoak tarteko, ezin izan zuen atzoko proban esku hartu eta bertan behera utzi zuen guztiok aurreikusten genuen lehia estua, eta baita lasterketako emozioaren zati handia ere. Esandako moduan, bada, bakarrik helmugaratu zen Chema Martinez, eta podiuma osatu zuten Hugo Van Den Broek holandarrak eta Guillermo Arnedo Martinezek.

Emakumeetan, bai

Emakumezkoen kategorian ikusi genuen gizonezkoetan izan ez zen zeingehiagoka. Duen ibilbide profesionalagatik Elena Moreno zen faboritoa. Kantabriako korrikalariak, baina, gogotik sufritu zuen Iratxe Aranburu zarauztarraren kontura. Inoiz baino gorputzaldi hobean, azken kilometroetan estutu egin zuen Aranburuk, eta baita Moreno aurreratu ere. Baina Donostiara iristerakoan esfortzu hori ordaindu eta bareak jota iritsi zen joan den urteko txapelduna. Marka pertsonala hainbat segundotan ondu bazuen ere, Aranburu ez zegoen pozik; bigarren izatea atsegin ez duen seinale.

Arazo fisikoekin

Lehenengo sailkatuak igarota, debagoiendarren txanda iritsi zen. Asko geunden Ritxar Fernandezen zain, joan den urtean bosgarren sailkatuta aurten ere hor inguruan behar zuelako. Eta, gogoan genuen Asier Urdanpilleta ere, ordubete eta lau minutuko marka izanda Oñatikoa ez zelako urrun ibiliko. Eta orduan etorri zen goizeko beste ezusteetako bat: biak hala biak txarto. Zortzigarren kilometro inguruan (Gaintxurizketa gainean) eskuin hankan sastada bat igarri eta ahal zuen moduan bete zituen Ritxar Fernandezek geratzen ziren kilometroak. Hark esandako moduan, birritan geratu behar izan zuen luzatze ariketak egitera. Oñatikoa beldur zen orain dela aste batzuk Berlinen egindako maratoitik ondo errekuperatuko ote zen; bada, ezin jakin hori izan zen arrazoia, baina min hartuta helmugaratu zen.

Asier Urdanpilletak ere aitortu zigun, goizean goizetik igarrita, egun petrala izan behar zuela. Tripetatik txarto, gogotik sufritu zuen: "Lasterketa amaitzearren iritsi naiz azkenera, baina txarto". Hala, Debagoieneko korrikalari azkarrenak bagenituela pentsatuta egin genuen itzulerako bidea, baina orduan etorri zen hirugarren ezustea: Jose Gabriel Urizar presoaren izenean egin zuen Haritz Kortabarria arrasatearrak lasterketa, eta hura izan zen ibarrekoen artean marka onena egin zuena. Eta, ekimen horri jarraituta, aldarrikapenak egiteko eguna ere izan zen atzokoa, Debagoieneko lasterkari askok egin zuten-eta presoen izenean korrika. Eta minutuak joan eta minutuak etorri, asko etxerako bidean, oraindik helmugara iristeko zeuden beste asko eta asko: 11.739 lagun izan ziren guztira. Eta azken horiena izan zen erlojuaren kontrako benetako proba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak