Finantza kontuak hobeto ezagutzen lagunduko die Elkargik Debarroko enpresariei eta Debagoieneko enpresa buruak ere gonbidatuta daude Elkargik Bergaran antolatu dituen hitzaldietara. Finantza jardunaldi horietan, banketxeekin nola negoziatu, merkatuan dauden finantza laguntza onenak nola lortu eta kostuak nola kudeatu erakutsiko dute, besteak beste. Elkargiko profesionalek emango dituzte hitzaldiak azaroaren 13an, 20an eta 27an Bergarako Miguel Altuna Institutuko aretoan, 18:00etatik, 20:00etara.
Ahalmena handitzea helburu
Jardunaldien aurkezpenean Jesus Alberdi Elkargiko kontseilari ordezkariak esan duen moduan, "hitzaldi horien helburua da finantza arloan eta arlo ekonomikoan gertatzen ari diren aldaketei aurre egiteko enpresa ertain eta txikiek duten ahalmena handitzea. Horretarako finantza arloko hiru gai oinarrizkoak eta garrantzitsuak aukeratu ditugu". Horietako lehenengoa, banketxeekin nola negoziatu behar den azalduko dutena, Esteban Herediak emango du, Elkargiko finantza zerbitzuetako zuzendariak. Oinarria garrantzitsua dela dio berak, "kudeaketa formazio onarekin hobetzen" dela.
Jardunaldietan, 80 enpresa
Enpresei negozioa nola kudeatu lagundu nahian antolatzen ditu Elkargik Bergaran egingo dituzten moduko jardunaldiak. "Iaz, adibidez, 140 ikastaro antolatu genituen eta 1.300 enpresek hartu zuten parte. Bergaran egingo ditugunak Debarro osoko enpresendako dira. Momentuz 60k eman dute izena baina 80 inguru elkartuko garela uste dut, eta kopuru ona da hori", esan du Jesus Alberdik.
Bergarako bulegoak kudeatu
Elkargik Bergaran duen bulegoak kudeatuko ditu jardunaldiak. Ekainean zabaldu zuten bulego hori eta orain arteko lanaren balorazio positiboa egin du Alberdik: "enpresak eta banketxeak, biak hurbildu dira". Elkargik 630 enpresa bazkide ditu Debarroan. Bazkideen %80a 50 langile baino gutxiagoko enpresak dira.