Aralarrek zaborren kudeaketaren gaineko prentsaurrekoa eman du

Jokin Etxebarria 2006ko azaroaren 8a

Zaborren kudeaketa mankomunitateek eramaten dute gaur egun, Foru Aldundiarekin elkarlanean. Aralar alderdi politikoa baina, ez dago ados Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen azken proposamenekin eta hori salatu zuten atzo, azaroak 7, emandako prentsaurrekoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 5. Eduki-ontzi bat ezartzeko asmoa du, bertan konpostatzeko gaiak biltzeko. Hala ere, Aralar alderdi politikoaren ustetan Foru Aldundiak kaleratutako proposamena ez da nahikoa eta alternatiba berri bat aurkeztu nahi dute, besteak beste arrazoi hauek direla eta.

Foru Aldundiak proposamenean esperientzia pilotu bat egiteko asmoa du Urola bailaran. Aralarrek baina, esperientzia hori Gipuzkoako mankomunitate guztietara zabaltzea eskatzen du. Eta Mankomunitate bakoitzak bere azpiegitura txikia edukitzea.

Aralarrek proposatzen du Mankomunitate bakoitzak 2000 familien artean hastea esperientzia pilotua eta familia hauei lehendabizi ikastaro trinkoa ematea. Euren proposamena orain, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute, eta baita mankomunitate guztietara ere.

Foru Aldundiaren zaborra kudeatzeko plana

Hondakinen kudeaketa arazo bihurtu da dagoeneko herrialde garatu guztietan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, gurean arazoa are larriagoa da, gaur egun dugun kudeaketa sistema agortu egin baita.

Zaborra kudeatzeko Plan honek bi helburu nagusi ditu:

  • Ahalik eta zabor gutxien sortzea. Prebentzio lana eginez herritarrak arazoaz jabetzea eta euren partaidetza aktiboa bultzatzea.
  • Zaborra baliabidetzat hartzea. Zaborraren kudeaketa optimizatzea, material birziklagarriak errekuperatuz eta duen energia baliatuz.

Lortu nahi dena da 2016 urterako gaur egun dugun birziklatze tasa bikoiztea, hau da, % 18’5etik % 37raino handitzea. Horretaz gain, lehen mailako hondakinen isurketa eza bilatu nahi da, aurre-trataera mekaniko-biologikoa edo balorazio energetikoa, edo biak batera aplikatuz.

Horretarako, plan pilotu bat abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola bailaran. Konpostajerako lehen instalazioa Azpeitian ipiniko dute hurrengo asteetan eta 2007rako martxan jarriko da. Edukiontzi marroia edo bosgarren edukiontzia Azpeitia, Azkoitia, Zumaia eta Zarautzen jarriko da hasieran. Hala ere, eta esperientzia pilotu honek emaitza onak ematen baditu, 2009rako Gipuzkoa osora zabaltzea espero dute.

Bitartean, Debagoieneko mankomunitatetik joan den urtean martxan karri zuen konposta egiteko planarekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi digute. Plan hau 75 familiekin egiten da,maila pribatuan. Hau da, etxe bakoitzeko lorategietan konposta egiten ahalegintzen da, etxeko hondakinekin. Plan hau, Foru Aldundikoarenarekin uztartu daitekeela uste dute gainera mankomunitatean, eta hori egiten saiatuko direla adierazi digute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak