Ertzaintza eta idazkari judiziala Debagoieneko hainbat Herriko Tabernatara sartu dira

Goiena 2006ko urr. 24a, 18:52
Azken Ordua (19:28): Ordubete iraun du auzitegiko idazkari nagusiak Bergarako Arrano tabernan. Botilak eta dirua zenbatu dituzte Ertzaintzaren babespean. Herritarrak taberna ingurura hurbildu dira protesta egiteko; 60 bat lagun elkartu dira gutxi gorabehera. Hiru lagun identifikatu dituzte.

18:10: Bergarako Arrano tabernan ere hasi dituzte inbentariatze lanak. Herritar batzuk elkartu dira tabernaren aurrean.

17:35: Une honetan Aretxabaletako Urbaltz tabernan dago Idazkari nagusia Ertzaintzak babestua. Oñatitik joan dira dagoeneko.

Oñatin sartu direnekoa

16:52: Arrasaten egon ostean Oñatiko Arrano tabernara joan da idazkaria Ertzaintzak lagunduta. 16:00ak pasatxo zirenean iritsi dira ertzainak, Oñati irratitik jakinarazi digutenez. Taberna barruan jendea zegoen eta aterarazi egin dituzte; bi zerbitzari geratu dira barruan. 16:20ak aldera hitz egin dute irratikoek Ereittenekoekin eta abokatuaren zain zeudela adierazi dute. Ordu horretarako bertan zegoen idazkari judiziala. Kale barria itxita dago bi aldeetatik ertzainen furgonetekin. Jende ugari gerturatu da bertara.

Atzo Gaurdia Zibila bezala gaur Ertzaintza ari da idazkari judiziala babesten eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat herritako herriko tabernatan sartu dira. Besteak beste, Arrasaten eta Oñatin.

Arrasaten egon direnekoa

16:00: inbentarioa amaitzeaz bat alde egin dute bai idazkari judizialak eta bai ertzainek. Ertzainek lagunduta egin du inbentarioa idazkariak. Laster izango ditugu hemen Irati tabernako arduradun baten adierazpenak. GOITBn eman duten albistea ikusgai duzue hemen.

12:25: Epailea etorri da. Hala ere, hedabideak oraindik ezin dira Iratin sartu. Geroz eta jende gehiago gerturatzen ari da elkartasuna adierazteko. 5-6 ertzain daude pankarta aurrean.

11:45: 11:45 aldera sartu dira Ertzainak eta geroago idazkaria etorri da. Une honetan Iratiko bi arduradun eta Ertzaintza taberna barruan daude. Guztira 80 bat pertsona elkartu dira Irati aurrean elkartasuna adierazteko.

"Errepresioa ez da bidea. Euskal Herriak autodeterminazioa behar du" leloa daraman kartelaren aurrean 10 bat ertzain daude. Bertan, Iker Barandiaran kazetaria dago eta bere esanetan jendea "urduri eta haserre" dago. Momentuz ez da istilurik izan eta lasaitasuna eta isiltasuna da nagusi. Hedabideak ezin dira epailearen agindu gabe sartu eta beraz, epailearen zain dago Goienako lantalde bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak