Presoen eskubideak defendatzeko konpromisoak eskatuko dituzte

Askatasunak eta Etxeratek abiarazi berri duten ekimen ibiltaria aurkeztu zuten zapatuan, urriaren 21ean, Arrasaten. Herritarrak informatuz eta elkarrekin hausnartuz egin nahi dute lan presoen alde.

Ekimenean izan ziren gaixo diren eta zigorra osorik beteta duten 135 presoren senitarteko eta lagunak. Juan Mari Olano Askatasuneko bozeramaleak azaldu zuenez, "batzarrean egin dugun balantzea oso kezkagarria da". Olanoren esanetan, "Espainiak eta Frantziak esku-hartze politikorako tresna gisa erabiltzen dute espetxe politika; herri oso bati xantaia politikoa egiteko, ez ezker abertzaleari soilik". Eta espetxe politika horren helburua "sufrimendua eragitea" besterik ez dela gehitu zuen. Presoen eskubideen urraketa etengabea dela nabarmendu zuen Olanok. "Euren bizi baldintzak muturreraino eramaten dira" eta "mendekuan oinarrituta daude", esan zuen. Horren haritik, Zapatero gobernura iritsi zenetik "espetxe politika gogortu" egin dela azpimarratu zuen: "Espainiako estatuko kartzeletan okerrera egin du presoen egoerak; isolamendua areagotzen ari da eta salbuespen neurriak ugaritzen. Kartzelarien aldetik ere gero eta presio zuzenagoa egiten zaie". "Frantzian gauzak paralelo" joan direla ere ekarri zuen gogora eta presoak "gero eta sakabanatuago" daudela.

Salbuespen neurriak

Salbuespen neurrien harira, Espainiako Justizia ministro Lopez Aguilarrek publikoki egindako adierazpenak horren adibide direla azaldu zuen; hain justu, "inputazio berriak asmatuko dituztela esan zuenean, zigorra beteta duten presoak kartzelatik ez irteteko". Horren adibide garbiena "Iñaki de Juana da, baina ez da bakarra. 135 preso daude zigorra erabat beteta izan arren, oraindik bahituta jarraitzen dutenak". Hala, "horretarako ere amarauna asmatu" dutela esan zuen Auzitegi Gorenaren 197/2006 ebazpenari -Parot doktrinari- erreferentzia eginez.

Herri gisa erantzuteko beharra

Presoen auziari "justiziazko eta berehalako" irtenbidea aurkitzeko "herri gisa" erantzuteko beharra dagoela nabarmendu zuen Olanok, eta horregatik abiarazi dute ekimena. Hiru ardatz ditu: larri gaixotuta dauden presoak "berehala" kartzelatik ateratzea; zigorra beteta duten preso guztiak "epe oso motzean" etxeratzea eta sakabanatuta dauden euskal presoak "Euskal Herrira ekartzea dagozkien eskubideekin".

Ekimena herritarren "indar eta inplikazioarekin" eroan nahi dute aurrera: "informazio emanez, elkarrekin hausnartuz, konpromisoak eskatuz eta elkarrekin erabakita. Horixe egitera goaz", azaldu zuen Askatasuneko kideak. Izan ere, "herritarren gehiengoa gatazkaren konponbiderako prozesu demokratiko bat eskatzen dagoen honetan, ez diegu euskal presoekin jokaldi politikorik egiten lagako", eta gehitu zuen uste dutela gatazkaren konponbidearen alde zinez apustua egiten duen herritar oro "jakitun eta kontziente" dela "gatazkaren konponbidea elikatzeko ezinbestekoa dela brutalitate eta injustizia horiei irtenbidea ematea".

Gose greba

Debagoieneko 15 lagunek astebeteko gose greba hasi zuten zapatuan, urriaren 21ean. Arrasaten abiarazitako ekimenaren barruan hainbat ekitaldi egingo dituzte ibarrean: gaur, urriak 23, sindikatu eta elizarekin interpelazioa egingo dute eta arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte 17:45etik 19:00etara biribilguneetan. Bihar, urriak 24, zinegotzi eta alderdi politikoak interpelatuko dituzte. Eguaztenean, presoen egoeraren gaineko hitzaldia egongo da Oñatiko kultura etxean 19:00etan. Eguenean euskalgintzako eragileak interpelatuko dituzte. Barikurako, berriz, hileko azken egubakoitzeko elkarretaratzea deitu dute eta zapaturako, eskualdeko manifestazioa. Arrasateko Uarkape pilotalekutik abiatuko da 18:00etan. Horrekin guztiarekin batera, astebeteko gose greba ere egingo dute ibarreko hamabost lagunek. Zapatuan ekin zioten Uarkape pilotalekuan eta datorren zapatura bitartean burutuko dute Haizpea Otxandiano Arrasateko amnistiaren aldeko kideak azaldutako moduan.

Ekimena ibiltaria denez, Debagoienetik Lea-Artibaira joango da zapatuan eta eskualdez eskualde ibiliko da abenduaren 16ra arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.