Osasun Mentalaren Munduko eguna: prebentzioa eta kontzientziatzea dira gaurko aldarrikapenak

Goiena 2006ko urr. 10a, 10:56
Gaur, urriak 10, Osasun Mentalaren Munduko eguna da. Hori horrela, Fedeafesek –buruko gaixotasuna dutenen eta haien senitartekoen Euskadiko federazioak– gizarteon osasun mentalak duen garrantzia azpimarratu du. Osasun mentala: prebentzioa eta kontzientziatzea leloa aukeratu du eta, hain justu, prebentzio neurrien garrantziaz eta lege egokien beharraz jabearazi nahi du gizartea.

Norbere buruaz beste egitea

Norbere buruaz beste egitea

Federazioak zabaldutako informazioaren arabera, biztanleriaren %25 baino gehiagok bere buruaz beste egitera bultzatu ahal duen alterazio psikikoren bat jasaten du, bizitzaren uneren batean. Osakidetzaren datuen arabera, euskaldunen %3,9ak –ia 70.000 lagun– inoiz bere buruaz beste egitea pentsatu du.

Diru gutxi bideratzen dute buruko gaixotasunera

Datuak horiek izan arren eta tratamenduak asko hobetu diren arren, buruko gaixotasuna duten pertsonek oraindik ere baztertze, estigmatizazio, bereizketa eta beste oinarrizko eskubideen zapalkuntza jasaten dutela nabarmendu du Fedeafesek. Esaterako, osasun aurrekontu osoaren %5 da buruko gaixotasunera bideratzen dena. Horren haritik, Fedeafesek salatzen du buruko gaixotasunen arloan aitzindari izatetik Estatu mailan bigarren izatera jaitsi dela EAE. Eta, hori, Osasun sailak psikiatria arloan duen politika desegokiaren isla dela dio.

Bergarako bulegoa ia lau urtez lanean

Ibarreko buruko gaixo eta haien familien beharrei erantzuteko asmoz, Agifesek –Gipuzkoako elkarteak– bulegoa zabaldu zuen 2002 urtean Bergarako Irizar jauregian. Hasierako urte hartan Agifesek sei kide baino ez zituen Debagoienean; gaur egun, 60tik gora dira, eta gehiago izatea dute helburu.

Buruko gaixotasunen gaineko informazioa zabaltzea eta herritarrak sentsibilizatzea izan da Agifeseko kideek bulegoa zabaldu zutenetik egin duten ekintza guztien oinarria. Horrekin batera, buruko gaixotasuna duten pertsonen senitartekoendako laguntza taldeak ere eskaintzen dituzte. Horren haritik, Agifesetik gogora ekarri dute ateak irekita dituztela hurbildu nahi dutenendako. Hala, laguntza taldeetan parte hartu nahi dutenek Donostiako bulegora deitu besterik ez dute: 943 47 43 37.

Boluntario falta

Gaur egun bost boluntariok dihardute lanean Bergarako bulegoan. Baina ez dira nahikoa Agifeseko kideen esanetan. Hala, lerrootatik dei egiten dute interesa dutenak bulegora hurbil daitezen edo telefonoz dei dezaten (943 76 98 56). Horrekin batera gogora ekarri dute, bulegoa astelehenenetan egoten dela irekita, 18:30etik aurrera. Bestalde, hileko laugarren eguaztenetan arreta zerbitzua eskaintzen dute, 10:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak