Debagoieneko ospitale berriaren proiektua azaldu dute

Goiena 2006ko irailaren 28a

Ibar osoari zerbitzua emateko modukoa, modernoa eta asistentzia zabal eta kalitateduna eskainiko ditu. Hala eman du aditzera Osasun sailburuak, gaur goizean Arrasaten proiektu berria aurkezteko egindako agerraldian. Ospitale berria ipintzeko leku ezberdinak aztertu dituzte baina, azkenean, aukerarik onena dagoen lekuan uztea dela erabaki dute, komunikazioa ona delako. Edonola ere, Osasun Sailburuak garbi utzi nahi izan du dena berria izango dela.

Ikusmina piztu du Debagoieneko Eskualde Ospitale berriaren proiektuak. Horren adierazgarri izan da hura aurkezteko egindako ekitaldira joandako jende multzoa: tartean ziren, Osakidetzako Zuzendari Nagusia, Elgeta, Bergara, Antzuola, Oñati edota Eskoriatzako alkateak eta ospitaleko langileak.

Epeak

Osasun Sailburuaren hitzetan, lehen faseko lanei 2007 urte hasieran ekingo diete. Urte t’erdi-bi urteko epean burutuko dituzte eta, ondoren, 2008 urte azkenerako eraikin berriaren oinarrizko asistentzia erabat operatibo egongo da. Gainerako faseak bata bestearen atzetik joango dira, etenik gabe. Ospitale berriarekin, Debagoienari lehen mailako osasun zerbitzua ematea lortuko dela adierazi du Gabriel Inclanek.

Instalazioak

  • Gaur egungo 74 ohetatik 120 izatera pasatuko da.

  • Lau ebakuntza-gelari beste bi gehituko zaizkie.

Izan ere, gaur dituen eta etorkizunerako aurreikusita dauden erabiltzaileentzako txiki geratzen ari zen ospitalea.

Espezialitateak

  • Hainbeste erabiltzailek eskatutako urologia espezialitatea izango du ospitaleak.

  • Baita endokrinologia, pneumologia eta neurologia espezialitate berriak eta psikiatria ere.

Zerbitzuak

Bi unitate berezi berri izango ditu:

  • Egoera kritikoan dauden gaixoen zaintza unitatea: bost ohe izango ditu.
  • Amatasun unitatea, amentzako eta jaioberrientzako.

Etxeko ospitale zerbitzua sortuko dute, gaixotasun edo egoera jakin baten dauden gaixoei tratamendua etxean emateko.

Pediatria espezialitateak larrialdi zirkuitu propioa izango du.

Hematologia zerbitzu orokor klinikoetan sartuta egongo da.

Langile gehiago

Handitze horiek guztien eraginez, langile kopuruak ere gora egingo du.

Eraikin berriak

Ospitale berriak elkarren artean konektatutako hiru eraikin izango ditu: gaur egungoa eta beste bi berriak. Azken bi horien azpi-azpiko sotoan, gainera, aparkalekua egongo da. Nabarmentzeko da, era berean, estetika asko zaindu dutela: itxura ikusgarria izango du, kolore bizi eta deigarriekin eta diseinu modernoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak