Iñazio Lakuntza ez da izango Mankomunitateko presidente

Ubane Madera 2006ko ira. 25a, 15:30
Horixe izan da gaurko batzarreko ezustekoa, Arrasaten. PSE-EE, EB, PP eta Talde Mistoak hitzarmena egin dute Mankomunitatean dauden Arrasateko ordezkariak bere karguetatik kentzeko. Ondorioz, Inazio Lakuntzak ez du jarraituko Mankomunitateko presidente izaten. Lakuntzak berak ere Osoko Bilkura baino 10 minutu lehenago jakin du berria.

PSE-EE, EB, PP eta Talde Mistoak aurkeztu duten proposamen baten ondorioa da hori. Aipatutako alderdiek aurkeztu dute larrialdiko mozio bat. Eta mozio horretan salatu dute Mankomunitatean dauden Arrasateko Udaleko ordezkariek ez dituztela Udaleko osoko bilkuran onartutako erabakiak Mankomunitatean defendatzen eta batzuetan ezta lantzen ere.

Hiru adibide eman dituzte

  • Batetik, Zubillagako hiltegiaren gainean Arrasateko osokoak iazko azaroan hartutako erabakia ez dutela aztertu ere egin Mankomunitatean.

  • Bestetik, Mankomunitatearen estatutu aldaketa bertan behera uztea erabaki zuela Inazio Lakuntzak bere kabu.
  • Azkenik, Arrasateko Udaleko ordezkari horiek ez dutela behar besteko informaziorik eman ez herritarrei ezta Arrasateko Udalari ere.

Hori horrela, PSE-EE, EB, PP eta Talde Mistoak hitzarmena egin dute Mankomunitatean dauden Arrasateko ordezkariak bere karguetatik kentzeko. Lau dira: Bixente Etxeberria (EA), Nestor Arana (EAJ), Paco Gartzia (PSE-EE, baina Gartziak ekainean dimititu egin zuen) eta Inazio Lakuntza (EAJ). Haien ordez, honako hauek proposatu dituzte: Matilde Martin (PSE-EE), Itziar Lamarain (PP), Ander Rodriguez (EB) eta Ines Aldai (Talde Mistoa). Bozketa egiteko orduan, EAJ-PNVk eta EAK kontra bozkatu dute, Aralar abstenitu egin da eta gainerakoek mozioaren alde egin dute.

Alkatearen adierazpenak

Alkateak GOITBri egindako adierazpenen arabera, bera ere ezustean harrapatu dute erabaki horrekin. Esan du praktikan ez duela eraginik izango, bereziki, hiltegiaren kontuan. Eta oro har, bera presidentziatik kendu arren, bere alderdiko beste bat izendatuko dutela bere lekuan. "Demokraziaren legea da botoa", gaineratu du.

PSE-EEko Paco Gartziak, berriz, adierazi du Udaleko ordezkariek ez dutela bete "herriaren agindua"; hau da, salatu du ez dutela garantiarik osokoan onartutakoa Mankomunitatean exekutatuko denik. Eta "eurei arreta deitzeko" modua dela gaur egin dutena.

EBko Ander Rodriguezek berretsi egin du oraingo zinegotziek ez zituztela "mantentzen plenoan adostutako akordioak" eta gaineratu du izendatutako zinegotzi berriak ahaleginduko direla gainontzeko alderdiekin adostasunak lortzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak