'Argi daukagu' da Kilometroak 07 festan erabiliko duten mezua

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko ira. 22a, 11:07
Urriaren 1ean emango dio Oiartzunek testigua Bergarako Aranzadi Ikastolari, jaia prestatzen hasteko.

Bergarako Aranzadi ikastolak antolatuko du 2007ko Kilometroak festa eta aukeratu dute irudia eta mezua: argi daukagu. Irudian, bonbillak edo argiaren haria ikusiko dira.

Aranzadi Ikastolako komunikazio batzordearen iritziz, "argi daukagu leloak taldearen ikuspegia azaltzen du: herria, ikastolen mugimendua biltzen duen leloa da. Irudiek, berriz, Elhuyar anaiengana hurbiltzen ditu herritarrak; Errege Mintegian anaiek utzi zuten bonbillak dira".

Botoak, 521

Kilometroak 2007 festaren leloa eta irudia aukeratzeko, hiru eredu egin ditu AZK diseinu taldeak eta hirurak jendearen bistan jarri ditu Aranzadi Ikastolak astebetez, herritarrek euren iritzia emateko. 521 boto jaso dituzte. Herritarren botoak 517 izan dira guztira. Banatuta: argi daukagu, 234 boto; mintza on, 148 boto; berezkoa, 133 boto eta zuriak 2 boto. Ikastolak eta Unai Azkarate, Luis Laskurain eta Manu Muniategiandikoetxea artistek emandako lau botoak, berriz: argi daukagu 2 eta berezkoa 2. Irudi eta mezu horiek hainbat produktutan erabiliko dituzte gero, arropetan eta pizkailuetan, adibidez. Baina urrian hasiko dira hori guztia egiten, aurtengo Kilometroak pasa eta gero.

Azaroan moda desfilea

Urriaren 1ean egingo dute aurtengo Kilometroak festa Oiartzunen eta hantxe hartuko du testigua Bergarako Aranzadi Ikastolak. Duela 15 urte, alderantziz izan zen, Bergarak eman zion testigua Oiartzuni. Oiartzunera joateko, gainera, autobusak jarri digu Aranzadik eta joan nahi duenak ikastolan eman dezake izena datorren astean.

Behin testigua hartuta, Kilometroak 2007 prestatzen hasiko da Aranzadi buru belarri. Azaroan, adibidez, aukeratu duten leloaren eta logoaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Moda desfilea egingo dute eta Euskal Herri osoari erakutsiko dizkiote saltzen jarriko dituzten produktuak, irudia eta mezua.

Koordinatzailea

Kilometroak 2007 festa prestatzen laguntzeko koordinatzaile bat izango dute Aranzadin. "Zazpi lagun aurkeztu dira eta horietako bat aukeratu behar dugu orain", azaldu digu Ane Barrusok, komunikazio arduradunak. Lantaldeei buruz, berriz, dagoeneko pentsatu dute zenbat lantalde beharko dituzten gutxi gorabehera, baina oraindik ez dituzte osatu. "Urrian hasiko gara horrekin guztiarekin, aurtengoa pasa eta gero", dio Dorleta Mendibilek, Aranzadiko zuzendari pedagogikoak. Horregatik, oraindik erabakitzeke dituzte ibilbidea eta abestia, adibidez. Bildutako dirua zertan erabiliko duten, ordea, badakite. "Ikastolan berrikuntzak egiten erabiliko dugu: kanpoko sarrera berria eta barruko hainbat gauza berritzen, besteak beste", azaldu du Dorleta Mendibilek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak