Ardotxiren 'Mentxakaren Aitorpena' liburua aurkeztu dute

Usoa Agirre 2006ko ira. 14a, 19:07
Ardotxik liburu bat utzi zuen erdizka egina: Mentxakaren aitorpena. Lehen bertsio bat gaztelaniaz idatzi zuen; gero euskaraz berridazten hasi zen, eta horretan ari zela eman zion zoritxarreko bihotzekoak. Orain, haren lagun-talde baten bultzadari esker, Rafa Egigurenek hartu du guztia txukuntzeko eta atontzeko lana. Lan horren emaitza da atzo aurkeztu zuten liburua. Martxoan, Ardotxi hil zela urtebete betetzen zenean, estreinatu zuten Goiena.net-en Agur, Mentxaka! bloga eta hor joan dira biltzen liburuko hainbat pasarte.

Errealitate nobelatu gisa definitu daiteke liburua: 1971n egile eta protagonista atxilotzen dutenean hasten da, eta polizia-etxeko itaunketak irauten duen bitartean garatzen da: batetik, galdeketaren inguruko kontuak agertzen dira (informazioa lortzeko kolpe eta torturak, zer esan eta zer gorde atxilotuak egiten dituen kalkuluak, bere benetako nortasuna ezkutatzeko asmatzen duen estrategia abila…); bestetik, berriz, flash back ugarien bitartez, gainbegiratua ematen die bere bizitzari oro har eta borroka-urteei bereziki.

Polizi nobela baten erritmoa eta jakin-mina lortzen ditu eleberriak, eta hori da bere dohainetako bat; ez bakarra, zeren, aldi berean, garaiaren lekukotasun aparta ematen baitigu: orduko borroka politiko, sozial eta ideologikoak ezagutuko ditugu lekuko zuzen baten eskutik, baita 60ko eta 70eko giroaren berri jaso ere: gaurkoaren aldean oso diferentea, baina gaurkoaren ernamuina, zentzu askotan.

Informazio gehiago duzue blogean, Agur, Mentxaka!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak