Landa ingurunea bizirik dela ohartarazteko kanpaina abian da

Gorka Etxabe 2006ko ira. 7a, 16:35
"Debarroa; Menditik itsasora" kanpainaren aurkezpena Elgetako Espaloian egingo da. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Joxe Joan Gonzalez de Txabarri diputatu nagusia izango dira Elgetan egingo den aurkezpen ekitaldian.

Debagoieneko Deba Garaia eta Debabarreneko Debemen nekazarien eta abeltzainen elkarteek ekintzez beteriko kanpaina jarri dute abian. Erakunde horien asmoa da bi eskualdeetako gizartea landa inguruneaz sentsibilizatzea. Alegia, herritarrei ohartaraztea landa ingurunea bizirik dela eta guztion laguntza behar duela.

Kanpaina eguenean aurkeztuko dute Elgetako Espaloia kafe antzokian goizeko hamarretan hasiko den ekitaldian. Aurkezpen handia egingo dute eta agintari ugari gerturatuko da Elgetara: Joan Jose Ibarretxe, EAEko lehendakaria; Gonzalo Saenz de Samaniego, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua; Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, diputatu nagusia eta Debagoieneko zein Debabarreneko alkate eta zinegotzi asko. Era berean, Gorka Aginagalde aktore gasteiztarrak (Todos nacemos vascos, cocidito madrileño,...) antzezlan bat eskainiko du.

Material didaktikoa ikasleentzat

Debemen eta Deba Garaia elkarteek material didaktikoa prestatu dute ikastola eta eskoletan banatzeko. Gainera, lehiaketa bat abiaraziko dute ikasleen artean. Ikus-entzunezko bat ere prestatu dute unibertsitate, hirugarren adineko egoitza eta beste zenbait tokitan eskaintzeko. DVD horretan zenbait baserritarren testigantzak jaso dituzte eta, Debarroan ezagunak diren beste hainbat lagunen iritziak ere agertzen dira. Besteak beste, Javier Retegik, Alfontso Gorroñogoitiak, Alberto Iñurrategik, Asier Riesgok eta Hasier Etxeberriak emanten dute iritzia. Material didaktikoarekin eta ikus-entzunezkoarekin gure ibarreko eta Debabarreneko baserritarren egoeraren berri eman gura dute Debemenek eta Deba Garaiak.

Bi erakundeetako ordezkariek uste dute jendeak ez dituela baserritarrak aintzat hartzen, eta, horrela jarraituz gero baserritar belaunaldi berririk ez dela izango.

Erakundeen erabateko babesa

Aspaldi hasi ziren Debarroa, menditik itsasora kanpaina prestatzen. Hasieratik erakundeen babesa eta laguntza izan dute. Bi eskualdeetako udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bat egin du nekazari eta abeltzainen elkarteekin, eta eguenean aurkeztuko den kanpaina lan horren guztiaren emaitza besterik ez da. Bultzatzaileek diote lehenengo pausoa dela eta aurrerantzean gizarteak erantzun beharko duela: “Gizarteak jakin beharko luke zenbat lan egiten dugun baserritarrek eta gure produktuak baloratzen ikasi beharko lukete".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak