Danbaka Musika Lehiaketaren II. edizioa aurkeztu dute

Usoa Agirre 2006ko uzt. 12a, 21:10
Eguaztenean, hilak 12, aurkeztu dute lehiaketa Elgetako Espaloian. Bertan izan dira Goienako eta Espaloiko ordezkariak eta baita iazko irabazleak ere, Sharon Stoner taldeko kideak. Aurkezpenean kontzertu akustiko txiki bat eskaini dute Sharon Stonerreko mutilek. Musika talde edo bakarlariek irailaren 19a aurretik aurkeztu beharko dituzte hiru abestiz osatutako CDak eta taldearen gaineko informazioa. Goiena multimedia enpresak eta Elgetako Espaloiak antolatu dute lehiaketa Gaztekutxak lagunduta, aurtengo udazkenerako.

Estilo askotariko talde edo bakarlariek hartu ahal izango dute parte lehiaketan.

Lehiaketa honen helburua da ibarreko musika taldeak sustatzea, gazte jendeari alternatiba bat eskaintzea, eta Goienako hedabideak indartzea, eduki berriak sortuz. Era berean, Elgetako Espaloia Kafe Antzokia, Goienarekin batera egitasmo honetan parte hartuko duena, ezagutzera ematea, emanaldiak programatuz.

Aurtengo edizioak aurrekoaren eskema antzekoa jarraituko du, eta emanaldi guztiak Elgeta Espaloia antzokian izango dira.

Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia Danbaka.com webgunean dituzue eskuragarri.

Berrikuntzak

  • Edizio honetako sari nagusia diskoaren grabazioa ordaintzea baino haratago joango da. Irabazlearen diskoa ere kaleratuko dute. Horren ardura hartuko du Goienak Gaztelupeko Hotsaken laguntzarekin.

  • Iazko hiru finalistek ezingo dute lehiaketan esku hartu. Gainontzeko sailkatuek, berriz, bai, baldin eta hiru abesti berri aurkezten badituzte.
  • Epaimahaiak 19 talde aukeratuko ditu zuzenean aritu daitezen. 20.a, berriz, entzuleek aukeratuko dute danbaka.com webgunearen bidez.
  • Diskoaren eta ikuslearen sariaz gain, aurten hirugarren sari bat ere egongo da: bakarlariarena, hain zuzen ere.

Jarraipen berezia medioetan

Danbakak oihartzun eta jarraipen handia izango du Goienak kudeatzen dituen medioetan. Luze eta zabal emango da lehiaketaren berri GOITBn, Goienkaria-n, Arrasate Irratian eta Interneten, Danbaka.com webgunearen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak