Etxetresnen Renove planak harrera ona izan du EAEn

Goiena 2006ko eka. 29a, 10:30
Ia bi aste igaro dira Euskal Autonomia Erkidegoko Renove Plana indarrean jarri zutenetik, eta harrera ona izaten ari da momentuz. Etxetresna elektriko zaharrak berritzeko eta bakoitzeko 75 euro aurrezteko aukera eskaintzen du planak.

Ekainaren 15ean EAEko Renove Plana abiarazi zenetik, Eusko Jaurlaritzak 75 euro ematen ditu energia gehien gastatzen duten hozkailuak, garbigailuak, ontzi garbigailuak eta izozkailuak baztertu eta energia gutxien behar dutenak, alegia A edo A Plus energia etiketa dutenak, erosteagatik. Etxeetako energia kontsumoa gutxitzea da helburua. Diru laguntza eskuratzeko, etxetresnak ordezkatzeko planarekin bat egin duen denda batera joan behar da tresna berria erostera; erraz ikusteko leku batean jarria duten kartelagatik bereizten dira saltokiok.

Elektrizitatean aurreztu

A edo A Plus motako etxetresna elektrikoak gainerakoak baino garestiagoak dira, baina prezioan dagoen aldea zenbait urtetan berreskuratzen da, elektrizitatean aurreztutako diruaren bitartez.

Eusko Jaurlaritzak 3 milioi eta 900 mila euro bideratuko ditu plan honetara eta dirua xahutzen denean emango dute amaitutzat kanpaina. Uste baino etxetresna elektriko gutxiago aldatu izanagatik diru partida hori agortzen ez bada, ordea, abenduaren 15ean bukaera emango diote kanpainari.

Beste ekintza batzuk ere bai

Ekimena ez da etxetresna elektrikoetara mugatzen, eta asmoa da garraioan, industrian edota nekazaritzan ere energia aurrezteko neurriak hartzea. Ekintza guztiekin, urtean 40 mila tona petrolioren neurriko energia aurreztea aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak