Bergarak antolatuko du datorren urtean Trikitixa Eguna

A.G. 2006ko mai. 8a, 10:17
Zapatuan, 350 neska-mutiko inguruk parte hartu zuen II. Trikitixa Egunean, Aretxabaletan. Lekukoa Bergarari pasa diote orain.

Hauspoei eraginez, pandero-jotzaileen erritmoek lagunduta, doinu alai, bizi eta arinak barreiatu zituzten zapatuan Aretxabaletan 350 trikitilarik. Ibarretik eta beste zenbait herritatik etorritako trikiti-eskoletako ikasleek ipini zuten jaia, iaz Arrasaten egin zuten moduan.

Leizarra Musika Eskolak antolatuta, goizean hasi eta gaueko ordu txikiak arte iraun zuen triki-maratoiak. Helburua zen "eskolen proiektuen eta elkarren berri izatea; eta umeek egun zoragarria pasatzea, herria alaitzea eta, oro har, euskal kulturaz herria bustitzea"; hala adierazi digu II. Trikitixa Egunaren antolaketan jardun duen Inaxio Garrok. Haren esanetan, helburua betetzea lortu zuten zapatukoan: "Oso balorazio ona egiten dugu. Gazteak oso pozik dabiltza, ilusionatuta, eta kaleko animazioa ere oso ona da, jendea gogotsu etorri da ikustera eta entzutera". Gainera, eguraldiak azkeneraino eutsi zion eta Kepa Junkeraren kontzertu "mundialarekin" bukatu zuten.

Oro har, antolatzaileak eta jaian parte hartu zutenak oso pozik geratu ziren emaitzarekin. Bestalde, Inaxio Garrok gaineratu zigun asmoa dela Trikitixa Eguna iraunaraztea eta helburu horrekin lekukoa beste herri bati pasatzea. Hala, lekukoa Bergarari emango diotela jakinarazi zigun.

Lekua hartu behar

Trikitia indartsu dagoela ikusi genuen Aretxabaletan. Inaxio Garrok ere hala uste du: "10-15 urtean hainbat trikiti eskola sortu dira ibarreko herri guztietan eta gaur egun ia 400 ume dabiltza ikasten. Loraldia izan du trikitiak. Kimuak kalean dira gaur".

Hori bai, Leizarrako arduradun Ines Osinagak zera esan digu: "Gaurkoaren modukoak ondo daude, sagardoa eta txistorra janez trikitia jotzea. Baina ea sagardo eta txistorra barik trikitiak lekua topatzen duen; euskal giroan badu lekua, bestela aurkitu behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak