Iaz Aloñan garaile izan zen Iounut Zinkak irabazi zuen Nafarroan. Domekan ere bera da proba irabazteko faborito nagusia. Iaz ordubete, 14 minutu eta 13 segundoko denbora egin zuen. Gasteizen bizi den errumaniarrak sasoi betean dagoela erakutsi du
Domekan 240 lagun inguru izango dira lehian. Euskadiko selekzioko kideak ez dira Oñatin izango, maiatzaren 7an, Munduko Txapelketaren barruan, Mexikon lasterketa dutelako.
Iazko ibilbidea
Aloñako probari dagokionez, hainbat eztabaida ondoren, antolatzaileek iazko ibilbideari eutsi diote: lasterketa 10:30ean hasiko da Oñatiko plazatik eta Aloñara bidean Urtiagainetik eta Belarretik igaroko dira korrikalariak, bi puntu horietan jan eta edateko aukera izango dutelarik. Aloñako gurutzera iritsi ondoren, jaitsierara igoerarako erabilitako bide beretik egingo dute partaideek: beherantz, Belarren eta Gorordon egongo dira horniketa puntuak.
Zalantzarik gabe, ibilbide gogorra da Aloñako igoerakoa, irteera puntutik Aloñako gainera (1.238 m) 1.000 metro inguruko desnibela baitago. Urtiagainetik Belarrera doan bidexka hartuta, maldak gogorragoak dira tarte horretan. Ibilbideak, 16,5 kilometroko luzera dauka eta horietatik hiru inguru asfaltoan egingo dira.
Ikusleen erantzun ona
Antolatzaileak pozik agertu dira iaz lasterketak izandako erantzunarekin eta aurten ere ikusleen aldetik erantzun ona jasoko dutela espero dute. Aloña Mendi Kirol Elkarteak antolatzen du proba. Maila ezberdinetan sari ugari banatuko dituzte domekan. Sari banaketa ekitaldia Oñatiko plazan egingo da, 13:30ean.