Magia Mostraren II. ekitaldia Elgetan, maiatzean

EduMendibil 2006ko apirilaren 12a

Magia mostraren II. ekitaldia ospatuko dute Elgetan, maiatzaren 5etik 7ra bitartean. Espaloia Kafe Antzokiko arduradunek programa erakargarria iragarri dute aurtengorako.

Joan zen urtean jasotako arrakasta ikusirik, aurten ere magiaren inguruan hiru jardunaldi egingo dituzte.

Lehenengo emanaldia maiatzaren 5ean izango da, Migue magoaren eskutik, 22:30ean. Miguel Pugak Munduko karta-magia txapelketa irabazi zuen 2003an (1973an Juan Tamariz eta 1988an Pepe Carrol nagusitu ziren).

Bost mago zapatuan

Maiatzaren 6ko emanaldian, berriz, Jandro, Jorge Blass, Arno, Karim eta Francisco Aparicio arituko dira, 22:30ean hasita. Hain zuzen ere, joan den urteko ekitalditik Jandro da errepikatuko duen bakarra. Publikoaren saria eskuratu zuen iaz eta berriro bere magiarekin eta umorearekin gozatzeko aukera izango dute ikusleek.

Zapatuko emanaldian maila handiko magoak izango ditu alboan: Jorge Blassek nazioarteko hainbat sari lortu ditu; Monakoko jaialdian saritutakoa da Arno; Donostian eszenako magia saria irabazi zuen Karim-ek eta Francisco Aparicio pick-pocket-aren maisuetako bat da.

Domeka, haurrei zuzenduta

Lehen bi emanaldiak publiko helduari zuzenduta badaude ere, txikienei zuzendutako jardunaldia izango da azkena, domekakoa. Eguerdia ezkero hainbat saio egingo dituzte kalean eta herriko beste hainbat txokotan, eta 13:00etan magia eta globoflexia ikuskizuna eskainiko dute Arabako Ilusionismo Elkartekoek. Arratsaldean, berriz, Jean Philippe Atchoum frantziarrak globomagia saioa egingo du Espaloian, 19:00etan.

Gasteizen egiten den jaialdiarekin batera, Euskal Herriko magia jaialdirik onenetakoa da Elgetakoa. Hurrengo urtean Juan Tamariz etorriko dela ia ziurtzat eman dute antolatzaileek.

Jaialdiak 42.000 euro inguruko aurrekontua dauka. Egubakoitz eta zapatuko emanaldietarako sarrerak 15 eurotan salduko dituzte eta amaiera ekitaldikoak, 12 eurotan. Kafe Antzokiko bazkideendako merkeagoak izango dira sarrerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak