Aizkorri-Aratz natur parke izendatu du Jaurlaritzak

Usoa Agirre 2006ko api. 5a, 11:22
Atzo, martitzena, onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Aizkorri-Aratz natur parke izendatzeko dekretua. Jaurlaritzak 1996an esan zuen Aizkorri-Aratz natur parke izendatu nahi zuela, eta atzo onartu zuen, hamar urte beranduago. Natur parke berriak 19.401 hektarea ditu, 15.509 Gipuzkoan eta 3.892 Araban. Besteak beste, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Oñatiko lurrak biltzen ditu parkeak.

Izendapenaren bidez lortu nahi dena da,

  • Aizkorri-Aratzeko natura balio eta baliabide garrantzitsuak babestea, eta
  • kanpoko inpaktuek ekologian eta paisaian eragin ditzaketen kalteak saihestea.

Hala ere, talde ekologistek salatu dute natur parkeak ez duela babes perimetrorik eta natur parketik kanpo geratu direla jada bertan harrobiak edo aisialdi guneak egitea aurreikusi diren lekuak.

Arlabandik Otzaurtera

Aizkorri-Aratz aldea Gipuzkoa eta Arabako lurralde historikoen arteko mugan dago, eta bi lurralde historikoak banatzen dituen mendilerroa hartzen du; gutxi gorabehera Arlaban eta Otzaurte portuen arteko eremua. Alde hori, berriz, lau arabar udalerrik (Asparrena, Zalduondo, Durruma eta Barrundia) eta zazpi gipuzkoarrek (Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Legazpi, Zerain eta Zegama) osatzen dute.

Patronatua osatzea

Parkea administratu eta kudeatu Arabako eta Gipuzkoako organo eskudunek egingo dute. Eusko Jaurlaritzaren dekretuak oinarrizko jotzen du, gainera, patronatu bat eratzea Aizkorri-Aratzeko Natur Parkeko aholkularitza eta lankidetza organo gisa.

Gipuzkoako natur parkerik handiena

Hala, Gipuzkoako 15.509 hektareekin lurralde horretako natur parkerik handiena da. Ondoren daude Aralar (11.000 hektarea), Aiako Arria (6.000) eta Pagoeta (1.350). EAEri dagokionez, berriz, bigarren handiena izango da, Gorbeiaren ondoren (20.000 hektarea ditu).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak