Gorla eta Uzarragako probak aste bukaeran

EduMendibil 2006ko mar. 24a, 12:17
Junior mailako Uzarragako Igoeraren jokatuko da zapatuan Antzuolan. Domekan, berriz,23 urtetik azpiko 110 bat txirrindularik hartuko dute parte Gorlako Txirrindulari Igoeran. Aurtengoa 32. ekitaldia izango da.

Denboraldiko zazpigarren proba izango da Gorlakoa, sasoi punturik onenean nortzuk dauden jakiteko proba interesgarria. Orain arte ikusitakoaren arabera, ematen du Caja Rural, Seguros Bilbao, Wurth eta Bidelan-Kirolgi direla talderik indartsuenak.

Debagoieneko partaidetza

Domekan Debagoieneko bost lagun izango dira irteeran: Azpiru Inmobiliaria taldeko Unai Arantzabal bergararra, Joseba Itziar oñatiarra, Gurutz Larrea antzuolarra eta Eddy Perez arrasatearra eta Bidelan Kirolgin dabilen Kepa Varela bergararra. Ander Nafarratek (Azpiru) ezin izango du parte hartu: aurreko zapatuan erorikoa izan zuen Lizartzako proban eta erradioa apurtu zuen. Pare bat hilabeterako baja izango du arrasatearrak.

Bi aldiz Gorlatik

Ibilbideari dagokionez, 2002. urtea ezkero ez da igoera soilik jokatzen. Domekan 92 kilometro bete beharko dituzte txirrindulariek eta bi aldiz igaroko dira Gorlatik, 41. kilometroan eta amaieran. Irteera 10:00etan egingo da Bergarako San Martin plazatik eta Zubillagaraino joan ondoren, Gorlatik igaroko dira (11:00ak aldera), Elosuatik Zumarragara joango dira, Deskarga igoko dute (11:50ak aldera) eta Bergaratik pasatuko dira berriz, azken igoerari ekin aurretik. Lasterketa 12:25ak aldera amaituko dela zehaztu dute antolatzaileek.

Uzarragako igoera Antzuolan

Bestalde, Uzarragako Igoeraren 31. ekitaldia jokatuko da bihar, zapatua, Antzuolan. Junior mailako txirrindulariak lehiatuko dira, eta, Debagoieneko partaidetzari dagokionez, Lokatza, Aloña Mendi eta Dorletako Ama taldeetako gazteek hartuko dute parte.

Ehun bat txirrindulari izango dira lehian. 81 kilometroko ibilbidea prestatu du Aiastui Txirrindulari Elkarteak. Lasterketa 16:00etan hasiko da eta Antzuolatik eta Zubillagara hiru joan-etorri egin ostean, Uzarragako igoerari ekingo diote txirrindulariek. 18:00ak inguruan amaituko da zapatuko proba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak