Konponbide demokratikoaren aldeko manifestaziorako deia egin dute

Usoa Agirre 2006ko mar. 22a, 10:25
Debagoieneko herritar talde batek Bilbon apirilaren 1ean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen atzo, martitzena. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten 55 eragile politiko, sindikal eta sozialek deitu dute manifestazioa.

Hona agerraldian irakurri zuten agiria:

Hona agerraldian irakurri zuten agiria:

Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa bidean jarri beharraren hautua berresten dugu. Gatazkaren konponbideak akordio demokratiko zabal bat eskatzen du. Gatazkaren konponbideak, lehentasunezko eginbeharra izanik, aukera eman behar du proiektu politiko guztiak modu demokratikoan gauzatzeko, eskusartze eta mehatxurik gabe, eta Euskal Herriko biztanle guztiok parte hartzeko. Hots, gatazka gainditzeko ahaleginak prozesu demokratiko baten izaera izan behar du. Ezin da gainditu egun batetik bestera, ez dago laburbiderik. Bakea eraikitzeak prozesu oso bat da, globala eta alde anitzekoa, martxan jartzea eskatzen du, presarik gabe eta seriotasun osoz garatua. Prozesu honen helburua gatazka politikoa eta armatua gainditu eta Euskal Herria eta euskal herritar guztien eskubide guztien errespetuan oinarritutako eskenatokia ahalbideratzea da.

Agiri honen sinatzaileok, Euskal Herrian dagoen gatazkaren konponbide politikoa, alde anitzeko akordio politikoan oinarrituta egon behar dela uste dugu, denok desio dugun bake eta demokraziazko eszenatokia gauzatu ahal izateko. Uste dugu denontzat balio duen irtenbide bakarra denon artean erabakitakoa dela, elkarrizketa eta akordioa oinarrian harturik. Uste dugu konponbide hori gauzatzeko Euskal Herri osoan bizi diren pertsona guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak aitortu behar direla.

Gure iritziz, demokrazian eta justizian sakontzea da baliozko eta egiazko konponbide politikoa lortzeko modu bakarra, bide horretatik Euskal Herria subjektu politiko gisa aitortzeko aukera emanez eta Euskal Herriko herritar guztiak beren etorkizunari buruz erabakitzeko duten eskubidea onartuz, autodeterminazio eskubidearen ariketa praktikoa garatuz.

Bizi dugun egoeraren garrantziaz jabeturik, eskualdeko bizilagunei dei egiten dizuegu apirilaren 1ean, larunbatean, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Horrela, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten 55 eragile politiko, sindikal eta sozialekin bat eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak