Guatemalan liburutegia zabaldu dute, ibarrean batutakoari esker

Ubane Madera 2006ko mar. 21a, 16:30
Mondragon Unibertsitateko hiru ikasleri esker estreinatu dute liburutegia Guatemalako Santa Maria Tzeja komunitatean (Mexikotik ordubetera dago). Ainhoa Uriarte arrasatearrak, Lorea Undagoitiak (Berriz) eta Ainhoa Gobantesek (Tolosa) lortu dute hori. Biblioteca Euskal Herria izena ipini diote liburutegiari.

Hain justu ere, MUko ikasleak iazko urtarrilean izan ziren Guatemalan, maisu-maistra ikasketetako praktikak egiten, eta ikusi zuten liburutegi baten beharra zutela han. Hori horrela, Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin dirua batzeko kanpaina abiarazi eta 6.000 bat euro lortu zituzten.

Orain, diru hori zela erabili duten erakutsi gura dute eta, bide batez, eskerrak eman lagundu duten guztiei; bereziki, Arrasate, Aretxabaleta eta Oñatiko dendari-elkarteei, Fagor Industriali eta zozketarako txartelak saltzen ibili zirenei eta dirulaguntza eman zuten guztiei. Hala kontatu digu Guatemalatik etorri berri den Jaione Uriarte arrasatearrak: "Batu zituzten 6.000 euroak ez dira nahikoa izan eraikin berria egiteko, baina han zegoen eraikin bat txukuntzeko bai. Horrez gainera, Guatemalan bertan ere eman dute dirulaguntza". Jaionek kontatu digunez, horrekin guztiarekin, liburutegirako eraikina txukuntzeaz gainera, liburuak erosi dituzte. Hala, hemendik eramandakoak eta han erositakoak batuta, 1.000 liburu inguruko liburutegia antolatu dute, tartean Euskal Herriaren gaineko liburuekin: "Orain arte han ez zuten ezer. Eskolan irakasleak bakarrik zuen libururen bat. Ondorioz, ume askok orain arte ez dute sekula ipuinik ikusi. Askok marrazten ere ez zekiten, eta orain, liburuei esker, hobetzen dabiltza".

Jende askok erabiltzen du

Jaionek kontatu digunez, Tzejako umeez gainera, alboko komunitateetakoek ere erabiltzen dute liburutegia: "Ingurukoak batez ere asteburuetan etortzen dira. Hori ikusita, Ainhoak-eta erabaki dute liburutegia asteburuetan ere zabaltzea, eta astelehen eta egubakoitzetan itxi egiten dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak