Abiadura kontrolak areagotuko dituzte

Goiena 2006ko martxoaren 20a

Ertzaintzak eta udaltzainek abiadura kontrolak areagotuko dituzte radar finko eta mugikorren bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan gertatzen diren heriotzak %20 murriztea da helburua. Gaur, astelehena, abiarazi dute kanpaina, eta 15 eguneko iraupena izango du.

Ertzainekin batera, Erkidegoko hiru hiriburuetako eta zenbait udalerritako udaltzainek esku hartuko dute kanpainan. Radarraren erabilera areagotuko dute kanpaina honetarako, eta halako kontrolak egiten dituzten agenteen kopurua handitu.

Kontrolak egingo dira istripu gehien gertatzen diren errepideetan eta baimendutako abiadura gehien gainditzen den lekuetan; lanetan dauden tokietan edota abiadura aldi baterako murriztu duten lekuetan ere egingo dira kontrolak.

Radar finko eta mugikorren bitartez eramango da aurrera kanpaina, eta Ertzaintzaren bereizgarriak dituzten ibilgailuak nahiz batere ez dutenak erabiliko dira.

%30ak errespetatzen du abiadura

2005ean Ertzaintzak ia 400 mila ibilgailu kontrolatu zituen eta horietatik 11 milak baino gehiagok gainditu zuten baimendutako gehienezko abiadura. Urte horretan bertan publikatutako Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren inkestak dioenaren arabera, galdetutako lagunen %30ek soilik errespetatzen dute abiadura muga autobidean. Bestalde, Kooperazio eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak eginiko ikerketan azaltzen denez, herrialde garatuetan hildakoren bat eragindako istripuen %30etan gehiegizko abiadura egoten da tartean.

Abiarazi berri duten kanpainaren iraupena 15 egunekoa izango den arren, Ertzaintzak gogorarazi du abiadura-kontrolak urte osoan zehar egiten direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak