Ibarreko lehen hileta musulmana egin dute astean Bergaran

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko martxoaren 17a

Meskitaren eta kanposantu musulmanaren faltan, futbol zelaian egin dute hileta eta gorpua herrira bidali dute, Pakistanera, han lurperatzeko.

Bergarako Ipintza futbol zelaian egin zioten hileta asteburuan hil zen gazte pakistandarrari. Meskitan egiten dituzte hiletak musulmanek, baina Bergaran horrelakorik ez dagoelako, bere lagunek eta senideek ondo ezagutzen zuten tokia aukeratu zuten hileta egiteko, Ipintzako futbol zelaia; criket-ean jokatzeko elkartzen ziren han sarritan.

Zubair Mohamed gazteak 26 urte zituen eta garun-isuri baten ondorioz hil zen zapatuan etxean, Bergaran. Logroñotik, Bartzelonatik, Madriletik eta Bilbotik ere etorri ziren lagunak, senideak eta herrikideak bere hiletara, 250 lagun inguru guztira. Sei ilara handi egin zituzten otoitz egiteko, zutik, ortozik,gizonak eta Mecara begira. Udaletxeko brigada zerbitzuan egiten zuen lana Zubair gazteak eta bere lankideak ere hiletan izan ziren. "Oso mutil umila eta langilea zen", gogoratzen dute eurek. "Ia bederatzi hilabete egin ditu gurekin lanean eta martxoaren bukaeran zuen asmoa Pakistanera joateko, azaroan jaio zitzaion semea ezagutzeko", gaineratu dute.

Kanposantu musulmana

Zubairren gorpua Pakistanera eraman dute, han lurperatzeko. "Hango senideek ere zain daude", dio M. Afzal Chohan-ek. "Edozein modutan ere hemen ezingo genuke lurperatu, ez dagoelako kanposantu musulmanik", azaldu digu Chohan-ek. "Egia esan hauxe da eskualdeko lehen hileta musulmana eta ez dakit zer gertatuko den aurrerantzean. Duela urte gutxi beste lagun bat hil zitzaidan eta Bartzelonara eraman zuten hura", dio. Eibarren bizi diren musulmanek nahiko aurreratuta ei dituzte harremanak udaletxearekin kanposantu musulman bat egiteko. "Eibar ez dago urruti eta han jartzen badute zerbait izango da, baina gurako genuke gure eskualdean ere kanposantu musulman bat izatea. Hala ere, meskita baten beharra handiagoa da", dio Chohan-ek, Oñatin bizi den pakistandarrak, "guk ere gura dugu gure otoitzak eta hiletak egiteko tokia".

Meskitaren beharra

Bergaran, Zubiaurre auzoan duten lokutorioan, gela bat dute prestatuta meskita moduan erabiltzeko. "Ramadam sasoian, hortxe egiten ditugu otoitzak, baina txikia da, ez da hileta bat egiteko adina handia", azaldu digu Chohan-ek, "horregatik aukeratu behar izan genuen beste toki bat Zubairren hileta egiteko". Dio Udalak ez dietela lokalik uzten meskita moduan erabiltzeko eta aukera bakarra lokalen bat erostea dutela. "Horretarako, ordea, ez dugu dirurik. Batzuk lana egiten dugu baina ez guztiok eta momentu honetan ez dugu lokal bat erosteko adina diru", diosku.

Elkarte pakistandarra sortzen

Debagoienean ez ezik, Goierrin eta Urolan ere pakistandar asko bizi direla dio Chohan-ek, 400 inguru guztira. Komunitate bat sortu gura dute eta horretan hasi ziren duela hiru hilabete. "Pakistandarren izenak batzen ari gara eta behin izenak batuta , komunitate bat sortzeko eta erregistratzeko tramiteak hasiko ditugu, legeak eskatzen dituen guztiak. Bihar, zapatua, dugu beste bilera bat honetaz berba egiteko", aurreratu digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak