Oñatiko Duatloia: 250 lagun lehian zapatuan

EduMendibil 2006ko mar. 16a, 18:14
Oñatiko Duatloia jokatuko da zapatuan, martxoaren 18an, 16:00etan hasita. Aurtengoa 15. ekitaldia izango da eta 250 partaide izango dira irteeran; tartean, Antxintxika Debagoiena taldeko eta Oñatiko triatloi taldeko ordezkariak.

Oñatiko proba euskal triatloi zirkuiturako puntuagarria izango da. Hain zuzen ere, zirkuituko bigarren proba izango da, domekan jokatu baitzen lehenbizikoa, Basaurin.

Basaurikoa sprint distantziakoa bada, Oñatiko proba beteranoa distantzia motzekoa dugu: zortzi kilometro korrika, 40 kilometro bizikletan eta beste lau kilometro korrika izango dituzte aurrean partaideek. Esan bezala, proba 16:00etan hasiko da, Oñatiko plazan.

Bizikletan, Deskargako buelta

Herri barruan lau kilometroko ibilbidea prestatu dute antolatzaileek. Zirkuituari bi buelta eman ostean, bizikleta gainean Deskargako buelta egingo dute partaideek, eta, azkenik, zirkuituari buelta bakarra emango diote korrika.

Debagoieneko partaideak

Debagoieneko partaidetzari dagokionez, Antxintxika taldeko 20 bat lagunek hartuko dute parte eta Oñatiko Triatloi Taldea ordezkatuz dozena bat lagun izango dira, beste hainbatek antolaketa lanetan jardun beharko dute-eta. Logistika arrazoiengatik, 250 partaide zen jarritako muga, eta kopuru horretara iritsi dira.

Pronostiko irekia

Faboritoak aurreratzea ez da erraza izaten halakoetan. Hala ere, Laurent Galinier, Hector Llanos (Urkulu azken triatloiko irabazlea), Samuel Porte eta Mitxel Aginagaren arteko lehia egon daiteke bihar. Denboraldi hasieran sorpresaren bat ere ezin da baztertu. Nesken kategorian, zailagoa da oraindik pronostikoa. Ainhoa Murua zarauztarra izan genuen iazko irabazlea Oñatin, baina zapatuan ez du parte hartuko, autonomia arteko beste proba baten izango delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak