Mondragon Unibertsitateak webgune berria du

U.A. 2006ko mar. 14a, 10:06
Mondragon Unibertsitateak webgune berria du atzo ezkero. Behin behineko webgunea da, hala ere, beta bertsio bat, Vocento Mediatrader eta CodeSyntax enpresek egina. Webgunea software librean oinarritua dago, eta hemendik aurrera osatzen joango da.

Vocento Mediatrader eta CodeSyntax enpresek enkargua jaso zuten Mondragon Unibertsitatearen webgune berria egiteko. VMT enkargatuko zen webgunearen diseinuaz eta edukiak hornitzeaz. CSren ardura, berriz, izango zen plataforma antolatzea. Hala ere, sasoia iritsi denez ikasleek erabakitzeko zer unibertsitatetara joango diren, Mondragon Unibertsitateak eskatu zien behin behineko webgune bat egitea, balizko ikasle batek behar duen gutxieneko informazioarekin. Horregatik sortu da, oso denbora laburrean, behin behineko webgunea.

Edukiak

Webgune berrian sartzen denak aurkituko ditu sarreran bertan hiruzpalau albiste, eta eskuin aldean informazioa martxoaren 13an abiatu zen autobusaren gainean, hori ere ikasleak erakartzeko kanpainaren barruan. Ezker aldean, berriz, hainbat botoi, eta hor funtsezko informazioa: ikasketak, prezioak, garraioa, ostatua, etab.

Hemendik aurrera, osatu egingo da behin behineko webgune hori, harik eta jasotzen duen arte bai MUren informazio guztia, baita berauen fakultateena ere. Hori iritsi bitartean, MUren fakultateen webguneek piztuta segituko dute.

Diseinua eta teknologia

Webgune berriak diseinu garbia du, minimalista neurri batean, erabiltzailea sarreran bertan eroso senti dadin. Botoietan klik eginda, edo webgunearen mapan, iritsiko da berak nahi dituen edukietara. Oraingoz informazioa bi hizkuntzatan jasotzen du, euskaraz eta gaztelaniaz, baina aurrerago lau hizkuntzatan eskainiko du.

Webgunea kudeatzeko Plone izeneko CMS ahaltsu bat aukeratu da, alegia, edukiak kudeatzeko sistema bat, software librean oinarritua eta izen handikoa, munduan erakunde esanguratsuek darabilte-eta: gobernuak (Frantzia, Austria eta Brasil, kasu), gobernuz kanpoko erakundeak (Oxfam, Eliza Anglikanoa...) eta hainbat unibertsitate eta enpresa, hala nola eBay, Nokia eta Lufthansa. Ploneri esker informazioa erraz eta bizkor egunera daiteke, nabigatzaile huts batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak