Asteburuko euriteak trafiko arazoak eragin ditu gurean

A.G. 2006ko mar. 13a, 09:30
Debagoienean lur-jauziek eta ur putzuek eragin dituzte arazo larrienak; zapatuan itxita egon zen Aretxabaletako saihesbidea.

Euri asko egin du asteburuan, eta Debagoienean ere euriteak hainbat arazo sortu ditu. Gurean ibaiek ez dute gainezka egin, baina ur putzuek eta, batez ere, lur-jauziek zirkulazio arazo ugari eragin dituzte. Zapatuan soilik 24 lur-jauzi eragin zituen euriteak Debagoienean. Maila txikikoak gehienak.

Aretxabaletako saihesbidean sortu ziren zirkulazio erretentzio handienak. Lur-jauzi baten ondorioz ia egun osoan egon zen moztuta GI-627 errepidea: 10:00etatik 20:30era, hain zuzen ere. Ur putzu handi bat izan zen arazoa, berriz, Aretxabaleta eta Arrasate arteko errepide zaharrean. Zirkulazio arazoak handiak izan baziren ere, ez zen ezbehar larririk gertatu eta egunean zehar txapazko bi istripu besterik ez zen izan.

Egoerak nabarmen egin zuen hobera hurrengo egunerako, baina lur-jauzien ondorioz domekan ere egon zen arazorik errepideetan. Goizetik errei bat moztuta egon zen Kanpanzarko bidean, baita Oñatiko errepidean ere.

Aspaldiko euriterik handiena

Euri asko egin zuen 24 orduan. Bergaran metro koadroko 74,3 litro ur bota zuen eta Arrasaten, berriz, 60. "1983 eta 1988. urteetako uholdeen ondotik gogoratzen dudan euriterik handiena izan da honakoa", adierazi digu Luis Maria Agirre bergararrak.

Tenporak

Eguaztenera arte iraungo dute tenporek, baina Arantzazuko Pello Zabala fraideak aurrerapen txiki bat egin digu: "Pentsa daiteke udaberriak aurtengoan denetik emango digula. Haizeak alde guztietatik jo du egunotan, euria ere izan dugu; eta nola, gainera! Baina datozen hiru egunak politak izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak