Abiarazi dute gutxituendako eskualdeko taxi zerbitzua

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mar. 10a, 11:58
Egokitutako taxia Bergarako geltokian dago baina Debagoiena osorako emango du zerbitzua. Eskolako umeendako garraio zerbitzua ere egingo du.

Furgoneta bat da taxi berezi hori eta gurpildun aulkiak sartzeko prestatuta dago. Bederatzi lagunendako tokia du. "Elbarrituendako ez ezik, eskolako umeeendako garraio zerbitzua ere eskaintzen dut", dio Pegerto Blanco taxi gidariak, "auzoetan edo baserrietan bizi diren ikasleei zerbitzu emateko pentsatuta ere badago".

Egun osoko zerbitzua

Pegerto Blanco duela 25 urte inguru hasi zen taxi gidari lanean. Orain arte bost lagunendako tokia duten autoak erabili ditu lanerako, "baina erronka berriak ere probatu behar dira eta horregatik erabaki dut elbarrituendako egokitutako autoa ekartzea orain", dio. Aste honetan bertan hasi da lanean eta 24 orduko zerbitzua eskainiko du, eskualde osorako. Bere telefono zenbakia da: 690 90 02 38.

Prezioak

Bergaran 14 taxi gidari daude eta 38 eskualde osoan. Guztiek berdin kobratzen dute, tarifa berak dituzte. Tarifa horiek Agitax enpresak Mankomunitateari proposatutakoak dira eta horrek eskualdeko Udalei. Egokitutako taxi horrek ere tarifa berdinak ditu; egunez: 2,78 euro irteteagatik, 0,87 euro kilometroko eta 16,64 itxarote ordu bakoitzeko; gauez, domeka eta jai egunetan: 2,78 irteteagatik, 1,38 kilometroko eta 26,15 itxarote orduko.

Erabiltzaileak pozik

Agustin Toledo bergararrak esan digunez, oso pozik hartu dute taxi zerbitzu horren notizia. "Orain arte ez zegoen gurpildun aulkiak sartzeko moduko taxirik hemen, eta bazen ordua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak