Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi izendatu dute gaur

Maider Arregi 2006ko mar. 2a, 17:09
Donostian egin dute zuzendari berriaren aurkezpena gaur, martxoak 2. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua bertan izan da.

German Ormazabalek utzitako lekua beteko du Iñigo Alberdi Amasorrain soraluzetarrak. Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia izendatzea. Miren Azkarate bera izan zen aurrena orkestraren administrazio kontseiluari eta gero Lakuako Gobernu Batzordeari Alberdiren izendapena proposatu ziona.

Iñigo Alberdik hainbat lan egin du orain arte musikaren alorrean. Alberdik adierazi du erronka handia dela hau beretzat, eta oso pozik azaldu da izendapenagatik. Azken 10 urteotan EOSeko zuzendari nagusi izan den German Ormazabalek egindako lana goretsi du Alberdik. Bergarako zinegotzi ere makina bat urtetan izan da eta gure ibarrarekin lotura estua izan du.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Sorreratik 24 urtera Euskadiko Orkestra erreferentzia da estatu mailan. 7.000 abonaturekin inoizko babes handiena du egun, eta horren erakusle dira baita ere iazko emankizunetan izandako 150.000 ikusleak. Orkestrak 100 kontzertu inguru egiten ditu urtean, eta ez da musika klasikoaren arloan erkidegoan hainbeste ikusle duen beste talderik. Euskal Herriko mugetatik kanpo ere hainbat saio egiten dituzte. Orkestra handia, beraz, eta beste hainbesteko erronka Iñigo Alberdirentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak