Euria gogotik egin arren umore onean ospatu dituzte Aratusteak

Goiena 2006ko ots. 27a, 10:16
Aurten ere Aretxabaleta izan da Aratuste-jaien izarra Debagoienean. 'Tejero'-k estatu-kolpea egin zuen herriak lagunduta eta herri kulturaren aldeko aldarrikapena egin zuten ekintzarekin. Ibarreko gainerako herrietan ere izan da zer ospatu. Bihar Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan ospatuko dira Aratusteak.

Aldarrikapen oihuak entzun ziren Aretxabaletako Inauterietako domekan. Herriko plaza 200 bat lagunek hartu zuten. Tejero buru zutela, han ziren armadakoak, Brave Heart filmeko gudariak, Mexikon TNT leherkariak jartzen zituztenak, asaltoko urpekariak eta beste hainbat aretxabaletar gazte, F-23+3 Ekimenak deituta. Azaroa ezkero herriko Aratusteak elkarlanean antolatzeko ekimenari Udaletik jasotako erantzun eskasa salatzeko asmoz egin zuten aldarrikapena gazteek, sekulako jai giroan.

Euria gogotik

Eguraldi eskasari aurpegi alaia jarri zioten aretxabaletarrek atzo. A ze erremedio, atertu barik egon zen-eta egun guztia! Eta zapatuan ere gauza bera: euria gau partean! Aterpean izan ziren eskoriatzarrak eta arrasatearrak herri bazkarian eta baita gatzagarrak ere herri afarian. Aramaioko txikienek txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten hotzari aurre egiteko, eta Bergarako umeek Pirritx eta Porrotx pilotalekuan. Oñatin eta Antzuolan, berriz, dantzariek jarri dute Aratuste giroa. Atzo Luzaideko Inauteriak antzeztu zituzten Oñatz dantza taldekoek Oñatin, eta herriko pilotalekuan babestu behar izan zuten Sorgin Dantza egiteko antzuolarrek.

Eguraldiarekin zortea izan duten bakarrak elgetarrak izan dira aurten. Egubakoitzean mozorrotu ziren-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak