Euskararen zabalkunde eta prestigioaren aldeko hitzarmena berretsi dute

Goiena 2006ko otsailaren 24a

Fagor Taldeak eta Emun Kooperatibak hiru urteotarako hitzarmena sinatu zuten atzo, ostailak 23. Hala, fabrikan euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu nahi dute.

Aurreneko aldiz 1998an sinatu zuten hitzarmena berretsi egin zuten atzo Fagor Taldeko eta Emun Kooperatibako ordezkariek. Hitzarmen horren helburua zen Fagorreko kooperatibetan euskararen erabilera planifikatzea eta ezartzea.

Zortzi urte pasatu dira ordutik. Eta emaitza oso positiboak lortu dituztela jakinarazi zuten bi aldeek atzoko ekitaldian.

Esaterako, Fagor Kooperatiba Elkarteko presidente Javier Gantxegik datu oso esanguratsuak eman zituen: Fagorren euskara zabaltzeko egitasmoa abiarazi zutenean, langileen %17ak erabiltzen zuen euskara. 2005eko azken datuen arabera, berriz, %36ko erabilera lortu dute.

Kooperatiba guztiak

Bestalde, Fagor Taldeko lehendakariorde Juan Jose Ansoategik euskara planek halako arrakasta izateko baldintzak hiru zirela nabarmendu zuen: bazkideen konpromisoa, kooperatiben konpromisoa eta planen planifikazio metodologikoa eta dinamizazioa.

Azpimarratu zuen, baita ere, taldeko kooperatiba guztiak sartu direla euskara planetan. Oro har, oso balorazio positiboa egin zuen Ansoategik: "Euskarak prestigioa lortu du, ez da polemikarik sortu eta adostasunak bilatu eta lortu egin dira. Egiazta dezakegu orain arte euskarak ez duela gure artean orain duen adinako zabalkunde eta prestigiorik izan".

Emunen ekarpena garrantzitsua dela ere esan zuen. Bukatzeko, Dani Larreak egin zuen berba Emun Kooperatibaren izenean, eta besteak beste, nabarmendu zuen hitzarmen hauei esker, bai Fagor zein Emun erreferente izatea lortu dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak