Agerraldia egin zuen 18/98 sumarioan auziperatutakoen aldeko Debagoieneko plataformak atzo, Bergarako epaitegiaren aurrean. Beste behin, sumarioaren hutsak salatu eta auziperatuenganako elkartasuna agertu zuten bertan bildutakoek. Horrela, epaiketa eteteko eskaera berretsi zuten agerraldian, eta datorren zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora batzeko deia egin zuten, bonolaguntzak eskuratzeko eskaerarekin batera.
Gastu ekonomikoa
Epaiketak inplikatuei eragiten dizkien kalteen barruan, dakarren gastu ekonomiko itzela azpimarratu zuen Maite Aristegi bozeramaileak. Auziak 200 lagun inplikatzen ditu, eta horiek kaltetzeaz gain, hainbat enpresa eta familiari zuzenean eragiten diela gehitu zuen EHNEko lehendakari ohiak. Amaitzeko, gogorarazi gura izan zuen oraindik ere Egunkaria-ren eta Udabiltzaren zatiak daudela aztertzeko.
Zapatuan Bilbora
"Epaiketak, hasieran bezala, bere horretan jarraitzen duela ikusita, datorren zapatuko manifestaldira gehitzeko deia ere zabaldu gura dugu", esan zuen Xabier Zubizarretak. Hilaren 18an izango da manifestazioa Bilbon, hain zuzen ere, "epaiketaren kontra protestatu eta prozesua etetea eskatzeko".
Amaitzeko, gehitu gura izan zuen Zubizarretak balizko bake prozesuak ekarri dezakeen egoera aldaketaren inguruan "diferentzia gutxi" ikusten duela oro har. Haren esanen arabera, "Gobernutik batzuek esperantzarako arrazoiak badaudela esaten dute, baina praktikan horrelakorik ez dela" ikusten du. Alderantziz, Zubizarretak agertu zuenez, "ikusten gabiltzana da Estatu barruko ordezkaririk esanguratsuenak akordiorako eta bakegintzarako prozesua abiatu ez dadin ahalegin guztiak egiten ari direla". Sumarioari buruz gauza bera pentsatzen du Zubizarretak, "Garzonen tesiak eta ideiak jarraitzen dituztela epaileek, beste barik".
Bonolaguntzak
Aipatutako salaketa agerian uzteko eta inplikatuei elkartasuna adierazteko, nahiz galera ekonomikoei aurre egiten laguntzeko, bonolaguntzak eskuragarri daudela gogorarazi zuten atzo plataformako kideek.