Santa Ageda bezpera: beste urte batez ere etxez etxe zoriona opatzen

A.G. 2006ko otsailaren 6a

Ohitura bereziena Aretxabaleta eta Eskoriatzako kintoek daukate. Atzo herritarrentzat egin zuten dantza. Oñatin, aurten lehenengo aldiz, neskak ere irten dira santa eskean. Asteburuan auzoz auzo ibiliko dira.

Euskal Herrian asko zabaldutako ospakizuna da, eta Debagoienean ere tradizioa da Santa Ageda bezperan etxez etxe kantuan ateratzea ibarreko herri ia guztietan. Ohitura hau, hala eta guztiz ere, ez da berdin bizi herri handi eta txikietan, azken horietan urteko kintoak irteten dira-eta santa eskean.

Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Antzuolan

Oñati edo Aretxabaletako kasua da hori. Ibar osoan goiztiarrenak izan ziren txantxikuak domekan. Goizeko zortzietan meza entzun eta eskean hasi ziren Oñatiko kintoak. Makilak hartu eta trikitiarekin erdialdeko kaleak zeharkatzen hasi ziren neska-mutikoak. Izan ere, Oñatin, aurten lehenengo aldiz, neskek ere irtetea erabaki dute. "Mutilak orain ez dira soldadutza egitera joaten eta horregatik uste dugu neskok ere irteteko eskubide bera daukagula", zioen Amaia Txintxurretak, dagoeneko koplekin eztarria berotuta zuela. Talde polita batu zuten oñatiarrek atzo, 80 bat inguru. Datorren asteburuan, gainera, santa eskearekin jarraitzeko asmoa daukate, baina auzoz auzo egingo dute orduan ibilbidea.

Berantiarrago, baina parrandarako gogo bertsuarekin irten ziren Aretxabaletako kintoak eguerdi aldera. Guztira hogei bat mutil batu ziren kalean, kantuan eta dirua batzen. Bazkaldu eta hurrengo hitzordua ilunkaran izan zuten. Arratsaldeko zazpietan batu ziren berriz ere herriko plazan urteroko dantza egiteko. Aretxabaletan eta Eskoriatzan usadio berezia da Santa Agedarena eta zapatuan baserriz baserri ibili ziren blusa urdina jantzita. Domekan berriz, arropa zuria eta txapela gorriarekin herrian egin zuten ostera, arratsaldean dantza egin baino lehenago. Antzuolan ere badute deboziorik eta asteburuan kintoak irten ziren kaleetara, antzinako ohiturei eutsiz.

Abesbatzak ere kantuan

Herri handiagoetan, Arrasate edo Bergara kasu, ez dute kintoek halako ohiturarik, eta Santa Ageda bezperan bestelako talde eta abesbatzek irten ohi dute kantuan. Arrasaten, adibidez, Santa Ageda korua irten zen zapatuan eta Bergaran eskoletako eta herriko taldeetako abesbatzek egiten dute santa eskea. Hala, Aramaion ere Bizente Goikoetxea abesbatzak egiten du eskea auzoetan barrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak