Elurrak ez du apartekorik eragin, baina Elgetan argi barik egon ziren

A.G. 2006ko urt. 30a, 10:34
Neguko bigarren elurtea hotzagoa izan da. 15 eta 30 cm arteko elurra egin du Debagoienean. Pello Zabalak esan digunez, "ilbeheran egingo du berriz ere elurra, otsailaren 21a aldera. Elur hautsa egingo du eta oraingoan moduan, hotza".

Kostatik sartu eta gurera egubakoitz arratsean iritsi zen elurra. Aurtengo neguko bigarrena da, dagoeneko, abenduaren 28an egin zuen eta lehenengoa.

Istripurik ez

Egubakoitzean izan ziren arazorik larrienak Debagoieneko errepideetan, elurra zela eta. Arlabago eta Elgetako mendateak itxita egon ziren, ordu batzuetan, kamioiendako, eta Kanpanzar ere itxi egin zuten kamioi bi gurutzatuta geratu zirela eta. Osterantzean, kateak erabiltzeko aholkua egin zuten ibarreko beste mendateetan. Egubakoitz gauetik zapatura bitartean ere elurra egin zuen gurean, baina elurra kentzeko makinak aritu ziren N-634 errepidean, Deskargan gora eta behera, eta baita Gi-627 errepidean ere.

Gainontzean,Ertzaintzaren prentsa bulegotik adierazi digutenez, ez da istripurik izan Debagoieneko errepideetan.

Elgetan argi barik

Bizkaia aldeko hainbat herritan legez, Elgetan ere argi barik geratu ziren. Elurraren pisuagatik Iberdrolaren kable baten gainera jausitako zuhaitz batek eragin zuen matxura egubakoitz goizaldean. Iberdrolak zapatuan 20:0etarako konponduta izango zuela agindu zuen; 15 ordu egin zuten argi barik elgetarrek.

Hainbat ekitaldi bertan behera

Elurrak berarekin ekarri du plan aldaketa bat baino gehiago agendetan. Bergarako San Pedro elizan egitekoa zen organo erromantikoaren kontzertua ez zen egin.

Kirol ekitaldiei eragin die gehien bat elurrak. Eskola kirolean aritzen diren neska-mutikoak, esaterako, Arrasateko hitzorduekin ezin izan zuten bete. Oñatin, berriz, kanpoan egitekoak ziren kirol ekintzak atzeratu behar izan zituzten. Atzo preferente mailako bi futbol partidak ezin izan ziren jokatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak