Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak ate joka ditugu ibarrean. Gabonetako azken egunak dira, baita azken opariak ere, eta umeek ilusioz egingo diete harrera.
Hona kabalgaten ordutegiak:
Eskoriatzan, 18:30ean: Pilotalekutik aterako da kabalgata eta parrokian bukatuko du ibilbidea. Jaiotzari egingo diote bisita bertan.
Aretxabaletan, 18:30ean: Kirol etxetik aterako dira eta Herriko plazan geldialditxoa egingo dute. Jaiotzari bisita egin eta musika eskolako umeen kantak entzun ostean aurrera jarraituko dute erregeek.
Arrasaten, 19:00etan: Aurretik Iturbide egoitzako nagusiei bisita egingo diete. Iturbidetik San Andreserantz egingo dute, Foruen plazatik Udala plazara, eta Zarugalde eta Otalora kaleetatik Maalaraino. Herriko Plazara heltzerakoan jaiotza gurtuko dute. Kaleetako ibilbidearekin bukatutakoan ospitaleko gaixoei egingo diete bisita.
Oñatin, 18:30ean: Aurretik San Martin egoitzako nagusiak ikustera joango dira. Kalean ibilaldia egin ostean udaletxeko pleno aretora hurreratuko dira. Bertan, gutunak jaso eta umeen eskaerak entzungo dituzte.
Bergaran: Arratsalde pasa polita dute Bergarako umeek:
- 16:30ean, umeendako jolasak plazan.
- 17:30ean, txokolate beroa. Bizar Zuri egongo da San Martin plazan umeen gutunak jasotzen.
- 19:30ean, Errege kabalgata kalean.
- Gainera, Akelarre txarangak girotuko ditu kaleak arratsaldean zein gau partean. Eta goizeko 5ak inguruan salda, txorizoa eta sagardoa banatuko dizkiete jai giroan dabiltzanei.