Goienak ezingo ditu kaleratu telefono partikularren zerrendak

Goiena 2005ko abe. 20a, 16:30
Espainiako Gobernuak argitara emandako dekretu batek telefono partikularren zerrendak kaleratzea eragotzi du. Ondorioz, 2006ko gida komertzialek ez dute jasoko telefono partikularrik. Hala ere, zenbait balio erantsi izango ditu gida berriak.

Erabiltzaileen babesa eta telefoniako datuen erabilpenerako eskubideak zaindu nahirik, oso arau zorrotzak ezarri ditu dekretu horrek. Orain arte lehia askearen eremuan egiten ziren lanak, ezingo dira horrela egin hemendik aurrera.

711/2002 lege dekretua

Gaur egun, telefono partikularren zerrendak Merkatuko Telekomunikazio Batzordearen (Comisión del Mercado de Telecomunicaciones,CMT,) bitartez lor daitezke. Izan ere, beste edozein bide espresuki eragozten du dekretuak.

711/2002 Ordenaren arabera CMTk dio Goienak urtero kaleratu izan duen telefono partikularren zerrenda hemendik aurrera ezin izango duela kaleratu. Beraz, legeak oztopoak jartzen dizkigu orain arte eman izan dizuegun zerbitzua ematen jarraitzeko.

Telefono partikularrak jartzeko baldintzak

Baldintzak, ordea, ez dira makalak: datu horiek lortzekotan, Lurralde Historiko osorako gidak egitea da baldintza. Gure kasuan, Araba eta Gipuzkoarako gidak. Horrez gain, poltsikoko telefonoen zenbakiak kaleratzera ere behartuta egongo ginateke.

Orain arte, eskualdeko telefono partikularrak kaleratu izan ditugu. Izan ere, gidaren helburu nagusia zerbitzu eta komertzioen gidari balio erantsia ematea zen.

Gidaren balio erantsiak

Bada, gaur egun bide hori erabat itxi zaigunez, gidari balio erantsia ematen dioten bestelako eduki batzuk aurkitu nahi izan ditugu, hala nola:

  • Dendariendako aholkularitza zerbitzua eta dirulaguntzak eskuratzeko bideak.
  • Guardiako Farmazien 2006ko egutegia.
  • Zabor bilketarako 2006ko egutegia.
  • Euskal Herriko herrien Kode Postalak.

Sentitzen dugu bereziki gure bezeroei erabaki honen berri lehenago emateko aukerarik izan ez dugulako, abenduan jaso dugu-eta legearen aplikazio zorrotzaren notifikazioa. Gure nahia orain arte eman dizuegun zerbitzua ematen jarraitzea den arren, ulertuko duzu ezin dugula legez kontra jo.

Besterik gabe, jakin zabalik gaudela zuen ekarpenak jasotzeko gida@goiena.com e-postan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak