Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala zen jokoan domekan Barakaldon."Bertsozale denen festa izan dadin txapelketa" esanez bota zuen hasierako agurra Unai Iturriagak. Izan ere, festa usainean sartu ziren zortzi bertsolariak BECeko oholtzara. Txalo artean ez ezik euren eserlekuetatik altxatu eta zutik hartu zituzten entzuleek Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Sustrai Kolina, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga.
Agurrak kantatu ostean, Bernardo Mandalunizen esanetara zortziko handian ekin zioten finaleko lan puntuagarriari.
Ofiziotan
Motel antzean ekin zioten ofiziotako lanari. Baina aipatzekoa Maiak eta Arzallusek etxe berriaren hipoteka sinatzen ari zen bikote gaztea irudikatuz egindako saioa; bankuko hitz serioak eta bertsoekin lotutako txisteak uztartuz kantatu zuten ale politik. Bestalde, barreak sortu zituen Lujanbiok eta Iturriagak zortziko nagusian egindako azken jardunak. Aspaldiko partez asteburuan bakarrik zeuden hiru umeren guraso modura polito jardun zuten.
Zortziko txikian ere umore giroko lau saio entzun genituen. Parrandatik bueltan bazkaritarako prestatutako txipiroiak jaten aurkitu zuen Jon amak Andoni semea eta bien arteko elkarrizketa bizia izan zen. Unaik eta Sustraik egindako saioa ere aipatzekoa izan zen: nagusiarekin autoan abiada bizian zihoan langilearen beldurra agerian geratu zen.
Puntuari erantzunda
Puntuari erantzunez bina bertso erantzun zituzten ondoren eta denetariko bertsoak entzun ziren ariketa honetan.
Hamarreko txikian
Hamarreko txikikoan umorea eta bertso serioagoak saltoka ibili ziren saio batetik bestera. Denak ere bertsoaldi borobilak. Maialenek eta Jonek zuhaitz landatu berriaren eta makilaren paperean kantatutakoan aipatuko nituzke gustukotzat, besteak bazter laga gabe.
Kartzelakoa
Kartzelakoa zuten goizeko azken lana. Honakoa zen gaia: Aspaldiko partez bi begiak busti zaizkizu. Gaiak hala eskatuta edo, guztiek bertso hunkigarriak eskaini zizkiguten entzuleoi. Batek baino gehiagok malkoak begi ertzean izan zituen. BEC, bertako giroa eta txapelketa izan zuten gehienek bertso tarako gai. Andoni Egañaren hiru bertso zuzen bezain bete; Amets Arzallusen lana, Aitor Mendiluzek barru-barrutik botatako bertsoak, eta Iturriagaren azken bertsoek merezi dute aipamenik.
Arratsaldean
Bazkaritan indarrak hartu zituzten entzuleek bederen. Saioa hasi aurreko "olatuak" eta zaratak izan ziren horren lekuko.
Sei puntuko motzean entzun genuen ale ederrik. Serio antzean joan zen saio gehiena baina Egañak eta Mendiluzek ipini zioten bizitasuna saioari. Zapatu gauean ohean amaitu zuten bi lankideren arteko asteleheneko elkarrizketa bertsotan eman zutenean.
Puntutan
Puntutan ere bizi jardun zuten. Ohituraz Belodromora joan ziren Sustrai eta Jon; Andoni eta Amets euren bikoteen kontura barrez jardun zuten eta entzuleei ere algara asko lapurtu zizkieten. Arratsaldean ere bakarkakoan ale hunkigarri bezain txukunak entzuteko aukera izan zen. Txalotuenak Iturriagarenak, bere bereak ziren hiru bertso bota zituen eta. Egañak Madrilgo Auzitegiaren parean botatako hirurak ere ez ziren nolanahikoak izan. Bi hauek egin zuten hain zuzen aurrera; buruz burukora.
Oihu, txalo eta txistu. Denetarik entzun zen euren izenak esandakoan eta baita euren jardun bakoitzaren ostean ere.
Buruz burukoa
Maritxu eta Bartoloren paperean fin bezain ironiko biak ala biak. Etorkizunari begira ere zuri eta beltz, baina inolako zurikeriarik gabe. Bakarka aulkia zuten hitza eta Egañaren bederatzikoa aipatzekoa. Gaia emanda, berriz, biak ala biak txapeldunen pare gau eskolako irakasle paperean. Epaileentzat, eta egun osoko puntuen batura egin ostean, Andoni Egaña txapeldun. Goizeko saioan bestelako amets gaiztotan txapela galtzen bazuen ere, ametsa bete zuen domekan. Zuen dena ematera zetorrela esan zuen agurrean, eta entzuleoi txaloak ez ezik malkoak ere lapurtu zizkigun Imanol Lazkanoren eskutik txapela jantzi zuenean.