Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei laguntzak murriztu izana salatu du Goienak

Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei ematen dizkien dirulaguntzetan murrizketak egon direla salatu du. Ekitaldia goizean egin dute Donostian. Topaguneak deitu du eta Goiena ere bertan izan da.

Bertan izan dira bestek beste, Joxemari Muxika eta Jasone Mendizabal Topaguneko lehendakari eta zuzendariak hurrenez hurren. Baita Alberto Agirreazaldegi, Herriko Komunikabideak Kooperatibako lehendakaria.

Dirulaguntzak 2002tik hona %6 jaitsi direla salatu dute. Ondorioz, ezadostasuna azaldu dute Topaguneko elkarteek. Murrizketa salatzeaz gain, adierazi dute "sektoreak laguntza egonkorra jarraitu behar duela". Gainera, Alberto Agirreazaldegik dirua banatzeko politika salatu du. Izan ere, bere arabera, eragin urria duten astekariek diru kopuru handienak jaso dituzte.

Bide batez eskatu dute "euskararen erabilerak duen garrantzia aurrekontuan islatzea, eta dirulaguntzak jasotzeko atzerapenak ez errepikatzea". Mahaiko kideek azpimarratu dute EBPNan euskararen erabilpena sustatu behar dela, eta helburu hori aurrekontuetan ez gauzatzea, kontraesan handia dela.

Aztertu dituzten kezkak

1. "Diru-laguntzen zenbatekoaren berri azaroaren 17an eman zuten. Hala ere ez dakite noiz jasoko duten diru hori."

2. "Hedabideentzako diru-saila ez da aspaldian hazi. Kultura Sailaren 2006. urterako aurrekontu proposamena ere ez da nahikoa. Diru laguntza ez da nahikoa euskarazko hedabideekin bete nahi diren beharrak asetzeko."

3. "Topagunean federaturiko EAEko tokiko aldizkariek jasotako diru-laguntzen zenbatekoaren kopuru erlatiboa %6 murriztu da 2002. urtetik. Zabalkundeari dagokionez, aldizkariek 2002an baino etxe gehiagotara heltzea lortu dute. Egun, Topagunean federaturiko tokiko aldizkariek 150.000 aleko zabalkundea dute."

4. "Tokiko telebistei dagokienez, une erabakigarria da. Jaurlaritzako Kultura Sailak banatzen duen diruarekin euskarazko tokiko telebistek ezin diote digitalizazioari aurre egin, ez eta telebista berririk sortu. Gaur egun tokiko telebistei eskainitako 150.000 euroekin ezin da behar bezalako euskarazko tokiko telebisten sarerik osatu."

Egin nahi diren eskariak

Kezka hauek eraginda, ondokoak dira alderdi politikoei eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei egin nahi dizkieten eskariak:

1. "Tokiko hedabideok ziurtasuna behar dute lanean jarraitu ahal izateko. Tokiko hedabideok euskaldunon etxeetara tokiko informazioa euskaraz eraman nahi da. Sektoreak laguntza egonkor eta jarraitua behar du, gure eginkizuna jarraitua eta epe luzekoa baita."

2. "Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen diru-laguntzen banaketaren politika aldatu beharra du. Urtetik urterako aurrekontuak aztertuta, datuek sektore batzuetan gero eta diru gutxiago aurreikusten dela diote."

3. "Euskararen erabilerak duen garrantzia aurrekontuan isla dadila eskatzen dute. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian erabileraren garrantzia azpimarratzen da, baina orain arte ez da aurrekontuetan islatu. Euskaraz ekoizten dena zabaltzeko bideak eta helburu horretara zuzendutako irizpideak behar dituzte."

4. "Urtetik urtera diru-laguntzak jasotzeko jasaten ari diren atzerapen larriak berriro ez daitezela errepikatu ere eskatzen dute."

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.