Larraitz Arando: "Ez dago arrisku talderik, denok gaude arriskuan "

Maider Arregi 2005ko abe. 1a, 12:11
Hiesaren Munduko Eguna da gaur, abenduak 1. Gaixotasunak goraka egin du nabarmen azken urteetan eta mundu osoan 40 milioi daude kutsatuta. Arrasate Irratiak elkarrizketa egin dio Larraitz Arando, Arrasateko sexologia zerbitzuko teknikariari, gaixotasun honen nondik norakoak azaltzeko.

Osasunaren Munduko Erakundeak adierazi du preserbatiboa gero eta gutxiago erabiltzen dela. Hain zuzen ere, hori da gaixotasuna zabaltzearen arrazoi nagusia. Gainera, Prebentzio programek ez dutela funtzionatzen diote.

"Gaixotasun kronikoa da eta ez hilkorra, ondorioz, sentsibilizazioa eta prebentzioa txikiagoa da", azaldu du Larraitz Arando sexologoak. Oraindik homosexualen gaitza dela uste da, baina egun heterosexualen artean ari da hedatzen" azpimarratu du.

"Drogazaleen gaitza ere ez da, denok gaude arriskuan", gaineratu du.

Nola kutsatzen da?

Hiru bide daude.

1 Odol bitartez

2 Semen eta bagina fluxuaren bitartez

3 Ama eta haurraren bitartez

GIBaren, Giza Inmunoeskasiaren Birusaren, froga edonork egin dezake. Dohaineko da eta anbulatorioan bertan egiten dute. Baita larrialdi zerbitzuan ere. Hori bai, medikuari aurrez esan behar zaio GIBaren proba egiteko analisiak direla.

EAEko datuak

GIBak kutsatutako lagunen kopurua 2004an gutxitu egin dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urtero 40 kasu berri atzematen dira eta egun GIBak kutsatutako lau lagunetik bat etorkina da.

Bi tratamendurako diru-laguntzak

Hiesa duten gaixoentzako berri garrantzitsua aditzera eman zuten atzo. 2006tik aurrera gaitzak aurpegian uzten dituen arrastoen tratamendurako eta semen garbiketarako diru-laguntzak izango dituztela gaixoek adierazi zuen Gabriel Inclan sailburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak