"Noticias de Gipuzkoa" jaio da

iban arantzabal 2005ko aza. 24a, 12:27
Gaur kioskoetan egin dugu topo egunkari berri batekin. Beraiek diotenez gipuzkoar guztion egunkaria izateko jaio da. Diario de Noticias de Navarra ezagutzen duenak ezagutuko du Gipuzkoakoa ere. Talde editorial bera dute.

Nafarroa, Araba eta Gipuzkoan daude dagoeneko. Boterearekin kritiko izango direla diote sortzaileek, alderdi politikoetatik independentea dela aurkezten dutena, demokrazia izango ei du jokabide, eta bizitza pertsonen arteko elkarbizitzaren oinarri.

Ez da ez erronka makala aurrean dutena. Arantzazu Zugasti zuzendari ondokoak esan zuen moduan Diario Vascori koskatxoa kentzea helburuetako bat da. Berak eman zituen datuetan," %80ko merkatua du Diario Vascok eta monopolioaz hitz egin daiteke datu horiek jakinda. Guk horrekin apurtu gura dugu" Gaur bertan, El Diario Vasco egunkariak Gipuzkoako orriak gehitu ditu. Honela dakar egunkariaren azalean (paperekoan, sarean ez dugu aurkitu): "DV amplía su cobertura de noticias sobre Gipuzkoa". Eta orri gehiago eman dizkio Gipuzkoako berriei. Egunkari berria sortu dela dio diariovasco.com-en

Atzoko aurkezpena Tabako-etxean

Deigarria izan zen zenbat jende elkartu zen Donostiako Tabako-etxean. Juan Zelaia debagoiendarra bera agertu zen aurkezpenean eta horrelakoak ikustera ez gaude ohituak. Apustu gogorra egin duenaren seinale. Dependenteak izango direla esan zuen Zelaiak, independentziatik baina Gipuzkoako gizartearekiko dependente. Aurkezpenaren berri Mikel Iturriaren blogean":http://www.eibar.org/blogak/iturri/188 ere irakurri daiteke.

Egunkari berriaren azala

Gaurko azalean Atxaga agertzen da eta idazlearen "lekuak" liburuaren aurrerapena egiten du. Bestetik, Fagor-en gaineko berria ageri da. Txikiagoan, baina azalean Maixabel Lasaren (Terrorismoaren Biktimen elkartekoa) aipu bat eta argazki handian atzoko aurkezpenaren argazkia. Gipuzkoak egunari berriari ongi etorri esan diola diote eta argazkian ageri dira: Arantzazu Zugasti zuzendari-ondokoa, Pablo Muñoz zuzendaria, administrazio kontseiluko presidente Juan Zelaia, Mariano Ferrer kazetaria eta omenduak izan ziren hainbat zigarro egile.

Webgunea

Euskaraz ezin da nabigatu eta berriak web bidez jasotzerik ere ez dago. Beharbada, Euskaltzaindiak egin bezala, papera dute buruan eta gero, akaso izango dute sarea. Ez dirudi oso gaurkotua irizpide honek.

Euskara

Aurkezpenean esan zuten irakurleak eskatu ahala joango direla euskara sartzen egunkari berrian. Lehenengo ale honetan Euskara gutxi: Atxagaren elkarrizketa zatitxo bat, Eibarko euskararekin lotutako berriren bat, beste albisteren bat eta titularren bat edo beste "miles de zorionak" erakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak